GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Indarkeriazko ekintza alferrikakoak

Hauts inperialak harrotu zituen igandean John Carlinek Arnaldo Otegiri «El Pais» egunkarirako egin zion elkarrizketak. ETAk atentaturen bat egingo balu ezker abertzaleak nola erantzungo lukeen galdetuta, hori ezinezko hipotesia duela erantzun zuen Otegik; baina, nolanahi ere, ezker abertzalea haren kontra agertuko litzatekeela. Astelehenean bertan, Rodriguez Zapatero espainiar presidenteak hitzen gainetik ekintzak eskatu zizkion (xehetasun txiki bat: Arnaldo Otegi kartzelan dago). Zer motatako ekintzak, ordea? Ez dakit presidente jaunak ondo pentsatu zituen bere hitzak, baina Otegik esaten duena frogatzeko eskatzea ETAri ekintza armatu bat eskatzea da, atentaturik ezean ez baitago Otegiren hitzen benetakotasuna frogatzerik.

Badakit, bai, espainiar presidentea ez zela horrelako ekintzez ari; baina, txantxak txantxa, Zapaterok ustez nahi dituen ekintza gehien eta nabarmenenak ETAk egin ditu, agertoki demokratiko eta baketsu baterako bidean, paradoxikoki, ekintzarik egin gabe. Agertoki hori lortzeko borondatea baino gehiago erakusten du horrek, eta bide horretan behar beste urrats gehiago egingo dituen esperantza dugu euskal herritar gehienok, espainiar gehienek ez bezala, zoritxarrez.

Asteazkenean, Zapaterok esan zuen ezker abertzaleak egindako urratsak ez direla alferrikakoak izango. Eta esan bazuen, esan zuen. Euskal gaiez arduratzen direnek, borradunek, hain zuzen, «terrorismoaren aurkako borrokaz» behar bezala arduratzen direla erakusteko, alegia Zapateroren hitzen efektua arintzeko, beste urrats bat egin zuten. Estatua kontrako norabidean egiten ari den urratsak alferrikakoak izango dira? Baldin bilatzen dutena sufrimendua areagotzea bada, ez dira alferrikakoak. Atzotik hainbat sendi gehiago beldurrak airean daude, beren senideen berri jakin gabe, lekurik erosoenean ez daudela jakinda. Baina baldin ezker abertzalearen estrategia zapuztea badute xede, alferrikakoak dira dagoeneko.

Madrilgo Gobernuari, Zapateroren eskaeraren alderantziz, ekintzetatik hitzetara igarotzeko eskatzen diogu euskal herritar gehienok, eta oraingoan indarkeriazko ekintzez ari naiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo