Horniketa oztopatzeak eta bideak ixteak ez dute grebalarien eta gizartearen arteko lotura eten
Azkenean frantses Senatuak erretreten erreforma onartu zuen bart, baina Gobernuaren garaipen gisa har daitekeen urrats hori, porrot goxo gisa ere har daiteke. Izan ere, politika instituzionalean irabazi dutena, maila sozialean galdu dute honezkero, Errepublikan zehar piztu den grebaren ondorioz. Nicolas Sarkozy urduri dago eta horniketa-etenaldiak saihesteko grebalarien aurka atzo erabili zuen bortxa da horren adibide argiena. Erreformen aurkako grebari aurre egiteko hasiera batean buruan zuen estrategiak kale egin du, eta hori da bere urduritasunaren arrazoia. Bere kalkuluen arabera, greba luzatuz gero, protestak gogortzen joan ahala, grebaren aldeko posizioak ahuldu egingo ziren gizartearen barruan, eta horrek grebalarien indarra motelduko luke, zalantzarik gabe. Ondoren, plan horri jarraituz, betiere, erreforma onartzea errazagoa litzateke eta ez luke ondorio politikorik izango. Horren ordez, ikusi duguna zera da, protestak gogortzen joan arren grebaren aldeko iritzia handitu egin dela. Euskal Herrian bertan, horixe ikusi ahal izan da azken egunetan, baita atzo bertan ere ordu batzuetan muga itxi zuen protestarekin ere.