Infozazpi irratiak kanpaina berria abiatuko du gaur, Otxandion, «gero eta gehiago» lelopean
Programazioa, seinalea eta bazkideak «gero eta gehiago» izateko asmoarekin, abiatuko du kanpaina Infozazpi irratiak bere bosgarren urteurrenean. Festa giroa nagusituko da gaur arratsaldean Otxandion.GARA | BILBO
Programazio osatuagoa, Euskal Herriko txoko gehiagotara iristen den seinalea eta bazkide kopuru handiagoa lortzea izango dira Infozazpi irratiak abiatuko duen kanpaina berriaren hiru zutabeak. Datorren urtarrilean beteko ditu irratiak bost urte. «Orain, beste urrats batzuk egitera goaz, irratiari tamaina handiagoa emateko. Bere itzala gero eta zabalagoa izateko», azaldu zuten irratiko arduradunek.
Horretarako, «Geroz eta gehiago» lelopean jarriko dute abian kanpaina berria, gaur bertan. Otxandion izango da Infozazpi, arratsalde pasa antolatu dute-eta bertako herritarren laguntzaz. Besteak beste, irratsaio berezia eskainiko dute, 18.00etatik 20.00etara. Sagardoa dastatzea, antzerkia, kontzertuak... izango dira bertan.
Otxandion izango da lehenengo geltokia, baina seinalea gero eta leku gehiagotara helarazteko asmotan, beste herrietara ere joko dute. «Festa giroa, proiektuaren gaineko informazioa eta jendearen parte-hartzea izango dira osagaiak». Datozen hilabeteotan hainbat herri zeharkatuko dituzte: Tolosa, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Donostia, Errenteria, Bidasoa, Lizarra, Durango...
Bestalde, gero eta bazkide gehiago bildu nahi dituzte. 1.700 lagunek osatzen dute oraintxe Azti-Begia elkartea, Infozazpi irratia sustatzen duen herritarren elkartea. «Bazkide gehiago lortzeak irratia zabaltzea eta hobetzea ekarriko du».
Programazioari dagokionez, osatuagoa eskaintzeko asmoa dute. «Hasi ginenetik, programazioa handituz joan da, gero eta saio gehiago eta kalitate hobea lortuz. Kanpaina honetan lortutako emaitzei esker, urrats galanta egitea dugu helburu».