Txabi Basterretxea zinemagilea hil da, Nestor Basterretxea eskultorearen semea
GARA | DONOSTIA
Txabi Basterretxea zinemagilea herenegun hil zen Hondarribian, 56 urte zituela, hilabete batzuetan jasan duen gaitz baten ondorioz. Nestor Basterretxea eskultorearen eta Maria Isabel Irurzunen semea, Madrilen jaio zen 1954an eta Bartzelonan egin zituen argazkilaritza ikasketak. Ondoren, zinema eta bideoaren alorrean murgildu zen.
Joxean Muñozekin batera «Karramarro uhartea» animazio filma zuzendu zuen eta lan horrengatik Goya saria jaso zuen 2001. urtean. Animazioan «Tortolika eta Tronbon» ere zuzendu zuen, Txirri, Mirri eta Txiribiton protagonista zituela.
Kortaturen «Sarri-sarri» bideokliparen egilea ere izan zen Basterretxea, eta lan horregatik ere saria jaso zuen Gasteizko bideo jaialdiaren lehenengo edizioan.
Erakusketen muntaiak
Zinemaz eta bideogintzaz gain, erakusketen muntaketan lan egin zuen Muñozekin batera. 1983an Tipula taldea sortu zuten lan horietarako.
«Atarian» (2000) erakusketa izan zen, ziurrenik, bikote honek muntatutako erakusketarik esanguratsuena. 2001. urtean, Basterretxeak eta Muñozek Gabriel Celaya poetari buruzko erakusketa antolatu zuten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. San Telmo museoan egindako Nestor Basterretxearen maketen erakusketaz ere arduratu ziren 2003an. Urte berean, Jon Zabalo Txiki pintorearen beste bat ere antolatu zuten.
Telebistarako ere egin zituen zenbait lan Basterretxeak. 1988. eta 1990. urteen artean Euskal Telebistan aritu zen errealizadore lanetan, «Poli, Baban Banan» eta «Galde Debalde» saioetan.