GARA > Idatzia > Kultura

Sentimenduen espazioak arakatu ditu Pablo Sastrek bere bigarren saiakeran

 

A.K. | DONOSTIA


Pablo Sastrek literatur lanak argitaratu ditu batez ere orain artean; narrazioak (“Kontuak”, “Kristalezko bularra”, “Mariaren mendea”, “Itzalaren ertzean”, “Gauzak apur bat konplikatu dira”...) eta nobelak (“Patritegin aurkitutako zinta”, “Elurretan hotsak”, “Joxemi”, “Henriren irudia”...), eta 2007an argitaratu zuen bere lehenengo saiakera Elkar argitaletxearekin, “Gauzen presentzia”, non gauzen soziologiari buruzko gogoetak biltzen zituen. Haren ildotik, bigarren saiakera plazaratu du orain argitaletxe berberarekin, “Gizateriaren ahitzea”. Bertan, gauzetatik hiriaren soziologiarako jauzia egin du.
Sentimenduz beteriko espazioa da hiria; sentimendu guztiek hirian tokirik ba ote duten, ordea, zalantzan jartzekoa da. Gaur egungo hirian barrena darama Sastrek irakurlea “Gizateriaren ahitzean”; sentimenduen espazioak arakatzen dituelarik, giza arimaren aztarnei jarraitzen die.

Jendeak hainbat gertaera eta gauzen aurrean zer sentitzen duen islatu nahi izan du Sastrek. Bilaketa horretan, aurreko saiakeran izandako ikuspuntua aldatu du. «‘Gauzen presentzia’ oso liburu pertsonala zen. Oraingoan, Pedro izango da kontakizunaren izen nagusia, eta bere begietatik azaleratzen dira sentimendu horiek», esan zuen Sastrek atzo, liburuaren aurkezpenean.
«Ahitze» hitzaren bi esanahiekin jokatu du idazleak; batetik, bukatzearen zentzua eta, bestetik, nekearena, unatzearena. Bigarren esanahiarekin saiakera horrek lotura estuagoa duela nabarmendu zuen, nahiz eta gizateriaren nekealdiaren sintomak ere agerrarazten dituen.

Sastrek, hainbat ataletan banatu ditu gizateriari buruzko gogoetak; sentimenduen espazioa, gizonen eskualdea, haurren erbestea, lan-jendea, irudi-sailak, eskuak... Eta bakoitzetik ondorio desberdinak azaleratu ditu, hiri sistemaren aurka hiritik bertatik erresistentzia nekez egin litekeela, kasurako. Edota Estatua eta ekonomia nagusi diren gizarteetan hutsalak direla gizon-emakumeen alde egiten diren ahaleginak.
Eskolaz, irudi zaharren ugaritzeaz, norberaren begiek ikusten dutenaz ere mintzatzen da, baita minaz ere, «minik ezaren aliatuaz, beldurraz, hain zuzen».

Haurtzarotik hartuak

Haurtzaroko oroitzapenak ere txertatu ditu “Gizateriaren ahitzea” saiakera liburuan, tresna berriei buruz hitz egiterako orduan, batez ere. Hala, liburuan argazki bi erantsi ditu, Gaztela Mantxako ijito eta landa inguruetako jendeen erretratuenak. «1950-60 aldiko erretratuak dira. Horrelako eszenak ikusi izan nituen amarekin ‘seiscientosean’ bueltaka ibiltzen ginenean. Ijito edo nekazari talde horien irudiak oso atxikita ditut eta nire sentimenduak gertaera horiei oso lotuta daude», nabarmendu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo