OHOREZKO MAILA
Euskal taldeek gorantz jarraitzeko egutegi aproposa dute
J.L.
Ohorezko Mailan dabiltzan euskal taldeek oso egutegi aproposa dute gorantz egiteko, ustez beraiek baino ahulagoak diren taldeen aurka baitituzte partidak, eta dauden lekuan jarraitu edo gorago begiratu nahi baldin badute, huts egin ezineko norgehiagokak dituzte.
Hirurak bihar arituko dira eta etxean jokatuko duen bakarra Bizkaia Gernika da. Bizkaitarrek 12.00etatik aurrera Cajasol taldea hartuko dute Urbietako zelaian. Sevillarrak zazpigarren postuan daude, bizkaitarrengandik bost puntura, eta berde-beltzek etxean jokatuta, beren zaleen babesean, tarte hori dezente handitu beharko lukete.
Ordu berean, 12.00etan, Bera Berak Valentzian jokatuko du CAUren aurka. Donostiarrak ez dira denboraldi txarra egiten ari, eta aukera paregabea dute garaipen bat lortu, eta jaitsierako postuan dauden taldeei tartea zabaltzen joateko. Izan ere, CAU azkeneko postuan dago, jokatu dituen partida guztiak galdu egin ditu-eta.
Ordu erdi geroago jokatuko du Ampo Ordiziak Madrilen, Alcobendasen aurka. Gipuzkoarren aurkaria ez dabil batere ongi, orain arte partida bat besterik ez baitute irabazi, eta horrek aukera asko ematen dizkio talde goierritarrari. Axio Arañak zuzentzen duen taldea bikain dabil, eta une hone- tan sailkapeneko hirugarren postuan dago.
Emakumezkoen Liga
Emakumezkoen liga lehen aldiz abiatuko da. Orain arte Kopa jokatu da, nahiz eta iaz liga formatuan egin zuten. Getxo eta Gaztedi dira bertan ari diren euskal taldeak.
Liga irabazteko faboritoetako bat da Getxo, eta lehen jardunaldia etxean jokatuko du Crat Coru- ñaren aurka, bihar 12.00- etan hasita. Hori-beltzek garaipen batekin hasi beharko lukete. Gaztedik irteera zaila izango du Bartzelonan, beste faborito baten aurka, INEF-en aurka, jokatuko baitu 12.30- etik aurrera.