GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

«Hobeak ez noa esatera, baina lehen bezain pilotari onak daude»

p052_f01_111x111.jpg

Felix Espilla

Puntista

Felix Espillarekin hitz egitea, zesta puntaren historiaren zati oso garrantzitsu batekin hitz egitea da. Berriatuarrak kirol honen unerik onenak eta txarrenak bizi izan ditu profesional gisa emandako 32 urteotan. Umetan palan jokatzen hasi zen eta herriko frontoian bere dohainak ikusita aitari zesta emateko esaten ziotenak ez zuten huts egin; begi bikaina izateaz gain, kirolari handi bati ireki zioten bidea.

Jon ORMAZABAL

New Porten debutatu zuenetik, 32 urte egin ditu Felix Espillak pilotari profesional bezala. Behin izterreko lesioa gaindituta, urtarrilean jokatuko du bere azkeneko partida Urrezko Zestan.

Orain bai joan dela «azkeneko mohikanoa»...

Hori, egunkari batean edo irrati batean ere irten zen; Totok -Aitor Tortorikak- behin esan zuen ni erretiratzen nintzenean `azkeneko mohikanoa' izango nintzela. Hainbeste urtez beraiekin jokatzen eta maila ematen, kantxan %100a ematen... Belaunaldi hartatik, zaharretatik edo klasikoetatik -Txikito, Katxin, Remen...- ni bakarrik geratzen nintzen. Horiek ni baino zaharragoak dira, baina euren garaiko azkena ni neu izango naiz. Orain gazteak datoz eta aurreko belaunaldi hori amaitu da.

Horren desberdinak zinaten lehengo eta oraingo puntistak?

Ez dakit. Beste modu batera bizi zen pilota. Orduan frontoiak bete egiten ziren eta beste giro bat egoten zen. Egun ez dago halakorik, frontoiak ez dira betetzen, baina pilotari bikainak egon badaude: Goiko, Bereikua, Enbil, Irastorza, Lopez, Egiguren... Klaseko pilotari onak egon badaude, baina lehen pilotalekuak bete egiten ziren eta pilotari hobeak zeudela ematen zuen. Hobeak ez noa esatera, baino lehengoak bezain pilotari onak badaude.

Geroago egin nahi nuen galdera hau, baina zergatik eman da aipatu berri duzun krisia?

Ez da zesta bakarrik, nik uste dut dena dagoela gaizki. Eskua ere larri dabilela esaten dute, erremontea, pala... Krisia denean sartu da eta momentu txarrean hartu du zesta. Agian pasatu beharreko etapa bat izango da eta etorriko dira hobeak.

Dena dela, gutxienez udan Iparraldean frontoiak bete egiten dira, eta, Hegoaldean, txapelketa honetan, nahikoa polito ibili gara: Durangon finalerdietan bete egin zen, Markinan ere ondo... Jendeak holako txapelketa batean ikusi nahi du zesta punta. Onenak ikusita gustura egon ohi da jendea. Hori bai, txapelketa amaitzen denean, adios, jendearentzat ez dauka interesik.

Krisi ekonomikoaren aurretik ere egoera ez zen oparoa.

Baina bai oraingoa baino hobea. Gu 1991. urtean etorri ginen huelgaren ostean, eta frontoiak bete egiten ziren. Nik uste dut zestari min handia egin ziola Asegarce irten zenean; telebistan indar guztia eskuari eman zioten, prentsa idatzian ere orrialdeak oso-osorik eskuaren inguruan izaten ziren... Egun ere hala da; dena esku pilotara bideratu da. Gazte mailan aurretik ez dakit eskuzko eskolarik egon ote den, baina gaur egun eskuzko eskolan jende gehiago dago zestazkoan baino, eta bizi guztian 100 lagundik gora egon dira! Gaur oraindik ere badago eskola, baino eskuzkoan jende gehiago dago.

Eta hori zesta munduan zehar gure kirolik ezagunena dela...

Bertako kirol bat da. Gu hemendik kanpora joaten garenean, Jai Alaia Euskal Herrikoa da, eurek badakite gu euskaldunak garela. Mundu osoan ezagutu da euskal kirol bat bezala eta hori zaindu eta babestu behar da.

Zure ibilbideaz aritzearren, berandu hasi eta berandu amaitutako puntista zara, ezta?

Horrela behar du, ezta? Berandu hasiz gero, berandu amaitu. 15 urterekin hasi nintzen entrenatzen eta aurretik ez dakit behin ere ikusi ote nuen zesta punta. Aitarekin lanean ibiltzen nintzen; pentsu biltegi bat zeukan, eta, eskola 14 urterekin amaitu nuenean, aitarekin lanean hasi nintzen. Paletan jokatzen nuen gomazko pilotarekin, Berriatuan bertan. Oso ondo jokatzen nuen, jendeak ikusten ninduen eta aitari zesta emateko esaten zioten. Garai hartan zesta bizimodua ateratzeko modua zen, dolarra... Aitak, ordea, ez zuen nahi; `hau etxean behar dut lanean', esaten zuen.

Jendeak horrenbeste interes jarri zuen, Markinara joan ginela eta horrela hasi ginen. Bertan erakusten zuenak zesta bat eman eta Ondarroako beste birekin hasi nintzen. Geldiro-geldiro hobetzen joan nintzen; talde desberdin asko pasa, eta, 16 urterekin, Ameriketara! Gero suerte handia izan dut lesioekin; fisikoki nahiko ondo egon naiz beti eta hala iraun ditut hainbeste urtez profesional.

Aitak lanerako morroia galdu zuen orduan, ezta?

Horixe da. Gure aita gogorra izan da, tipo Franco; oso zuzena zen. Beste lau arreba ditut eta denak pasa ziren biltegitik. Laurak aritu ziren lanean. Han ez zegoen oporrik; neska izan edo mutila izan, lana egin beharra zegoen. Nire arrebetako batek, bigarrenak, oraindik ere kamioiarekin lanean jarraitzen du.

Gero, zortez, Ameriketara joan eta gauzak ondo irten ziren. Nire aitak entzuten zuen semeak txapelketa hau irabazi duela eta beste; baina Ameriketako Estatu Batuetan zen eta ez zuen gehiegi jarraitzen. Berak eskua zuen gustuko; gaztetan Eibarrera joaten zen partidak ikustera. Zestako partidak, berriz, oso gutxi ikusten zituen. Entzuten zuen zerbait, baina ez zekien ziur nik zer egiten nuen edo zenbat jokatzen nuen. Telefonotik kontatzen nizkion, baina ez da gauza bera ikusita jakitea. Hark ez zuen uste hainbeste jokatzen genuenik. Gero, 1991n hona jokatzera etorri ginenean, guztiz harrituta geratu zen. Ordutik, 1.500 edo 1.200 edo X partida jokatu baditut, ez dakit-eta zenbat izan diren 19 urtetan, agian bost-edo galduko zituen bakarrik.

Salto handia izango zen horren gazte AEBetara joatea, ezta?

Ikaragarria. Zer esango dizut, Berriatuan igogailurik ikusi gabeak ginen gu; ez zegoen halakorik. Bidaian Madrilen geratu ginen lehenik eta hura sekulakoa zen. Gero, Estatu Batuak demasak ziren: zentro komertzialak, apartamentuak, dena a lo grande. Sekulako aldaketa izan zen. Poliki-poliki bertako lagunak egin nituen, eta bazegoen esperientzia zuen jendea; urtebete Filipinetan edo Napolin jokatutakoak ere bazeuden tartean. Ume mukizu bat nintzen, baina geldiro-geldiro ohitzen joan nintzen. Hasieran apur bat triste, pozik aukera handia zelako, baina triste lagunak, familia eta dena uzteagatik. Negar ez genuen egin, baina buruari buelta asko eman nizkion. Baina gero, bertako erritmora ohitutakoan, oso gustura.

Zeintzuk dira urte hauetako oroitzapenik onenak eta txarrenak?

Greba hura eta gero, txarrik ez dut. Hura kenduta gauza onak izan dira; txapelketa asko jokatu ditut, leku askotan lagun asko egin ditut eta txarrik ez daukat. Greban hiru urte egon ginen; lana egin eta mahai azpitik kobratzen genuen. Lege aldetik, greban egonda ezin genuen beste lanik egin, baina eraikuntzan edo harrapatzen genuenean aritu ginen. Huraxek izan ziren txarrenak, unerik onenean, 26 urterekin, joan nintzen-eta huelgara.

Greba inflexio puntu bat izan zen AEBetako Jai Alaiaren historian?

Bai, beno, baina nik uste dut hark zetorrena aurreratu egin zuela, besterik ez. Gero ere beste apustu pila bat hasi ziren, esaterako txakurrak. Ordura arte frontoia zen apustuak egin ahal izateko leku bakarra, baina gero pilo bat irten ziren: baseball-a, amerikar futbolean apustuak legeztatu zituzten, bingoa, kasinoa... Horrenbeste gauza, jendea banatu egin zela; frontoia baztertu eta beste leku batzuetara joan zen, eta hantxe hasi zen gainbehera.

Zein da urte hauetan gehien harritu zaituen pilotaria?

Ez da erraza esaten, baina, ezagutu ditudanetatik, berezia, niretzako, Txikito -Bolibar- izan da. Floridako onenak jokatzen genuen txapelketa bat zegoen; elkarrekin hiru aldiz jokatu eta hiruretan irabazi genuen. Gainera, ikusteko oso pilotari berezia zen, oso erraz egiten zituen gauzak; ez zen gizon handia baina sekulako erraztasuna zuen.

Bikotekide bat aukeratzerako orduan ere, Txikito?

Orduan izanez gero, bai. Munduko Txapelketa Biarritzen ere elkarrekin jokatu genuen. Pilotari handia izan da, urte askoan abantaila handiak eman dituena. Gero, Katxin ere hor da; hor ibiltzen ziren biak, baina nik uste dut Txikito pixka bat gehiago izan zela.

Garai batean «Amerikak egitera» joaten zineten. Orain, aldiz, AEBetara joatea da zestaz bizitzeko aukera bakarra?

Hori da, lehen Amerikak egitera joaten ginen eta gaur irauteko bidea da. Han ere bi dira urte osoan dauden frontoiak: Dania eta Miami. Orlando eta besteak bi edo hiru hilabetez zabaltzen dituzte. Egun ez dago halako pagotxarik.

Dena dela, familian bertan ere bada harantz joango denik.

Bai, Ibon -Aldazabal- iloba oraintxe joan da Estatu Batuetara. Osaba pilotaria izanda, gazte-gaztetatik izan du pilotaria izateko gogoa. Egun 23 urte ditu, eta, orain dela 19 urte ni hona etorri nintzenetik, beti egon da frontoian sartuta. Ondo jokatzen du, gertatzen dena da pixka bat berde dagoela. Beste anaiak, Aimarrek, 28 urte ditu eta elkarrekin sarri jokatu dugu. Hura ere joan zen Ameriketara, baina itzuli egin zen. Bertako bizimodua ezagutu nahi zuen, urte pare bat egon zen, baina han jokatzeari utzi egin zion azkenean.

«Kirolari batek pilota ondo dagoenean utzi behar du, ez tatarrez dabilenean»

Mundialeko finalean, zuntz haustura batek ez zion azken txapela janzten utzi, baina jendeak eskainitako txaloek tituluak adina bete zuten.

Agurreko sentsazio horien guztien ondoren, nola zaude?

Pixka bat lasaiago, baina oraindik buruari bueltak ematen. Izan ere, pena izan zen; Munduko Txapelketa baten finalean lesionatuta amaitzea oso penagarria da.

Txapelik ezin izan zenuen jantzi, baina jendeak zure izena nola oihukatzen zuen entzutea parekoa izango da.

Hori nire bizitza guztian gogoan izango dudan zerbait da, bihotzean eramango dudana. Izan ere, bat-bateko zerbait izan zen, ez zegoen prestatuta. Jendeak saritu zuen ibilbide bat, 30 urtez profesional aritu izana. Nik pena hartu nuen, baina jendeak ere pena handia izan zuen jokatzen ez bukatu izanagatik. Gainera, irabazteko aukera izan genuen. Jendeak izan zuen erantzun zoragarria ikusita oso pozik geratu nintzen.

Lesiora arte Hollywoodeko pelikula bat zirudien: agurraren eguna, aurkariak faborito garbiak eta zuek partida irabazten...

Normalean Hollywooden bukaera ona izaten da. Irabazi izan bagenu demasa izango zen, 48 urterekin munduko txapeldun bezala amaitzea totala izango zen. Baina, beste alde batetik, jendearen omenaldiarekin geratzen naiz.

Munduko Txapelketa bateko finaleraino heltzeak ez du erretiroaren ideia hori birplanteatzen?

Momentuz ez, erabakita dut erretiratzea. Jende askok esan dit erretiroa ez hartzeko, baina hemendik datorren urtera ez dakit zer gertatuko den. Gainera, kirolari batek pilota ondo dagoenean utzi behar du, ez tatarrez dabilenean. Txapelketa ona egin genuen Bereikuak eta biok, eta une ona izango da.

Eta orain zer egingo du Felixek? Zesta albo batera utziko duzu?

Ez, ez. Orain uda ostean geldialdia egoten delako ahaztuko dut apur bat, baina gertutik jarraituko dut. Gainera, lesiotik osatutakoan entrenatzen jarraituko dut; 32 urtez profesional izan eta gustura bizi izan naizen gauza batekin uste dut jarraitu beharra dudala. Bestalde, Goitiarekin azken hamar urteotan dudan enpresan ere lanean arituko naiz. J.O.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo