Top 14 Esquí alpino
Biarritz ari da egon behar duen lekura hurbiltzen
Zuri-gorriek ez zuten partida ikusgarria egin, baina garrantzitsuena puntuak izaten dira, eta horiek etxean geratu ziren. Traillek lortutako bi dropak erabakigarriak izan ziren norgehiagokaren amaieran.
BIARRITZ 16
CLERMONT 13
Jon LEUNDA
Biarritzek bere bolada onarekin jarraitzen du, eta atzo beste garaipen bat erdietsi zuen, oraingoan Clermont taldearen aurka, eta apurka-apurka ari da goiko postuetara hurbiltzen, amaieran hor egongo dela erakutsiz.
Orain arteko protagonista nagusia Dimitri Yachvili izan da, eta atzokoan ere ez zuen hutsik egin. Hori bai, taldean garrantzitsuak diren beste jokalari batzuk ere hasita daude agertzen, eta hori berri oso ona da lapurtarrentzat.
Iazko denboraldiaren amaieran Trailleren dropak oso garrantzitsuak bihurtu ziren Olympiquentzat, eta atzokoan bi gauzatu zituen, aurtengoan ere bere lanak zeresan handia emango duela adieraziz.
Partida bera ez zen oso ona izan. Bi taldeak errespetu handia erakutsi zuten, eta, presioa oso goian eginez, aurkarien erasoko jokaldiak ito egiten zituzten. Horrela, noski, oso zaila izaten da gauza ikusgarriak ikustea.
Gaur egungo kirolean, ordea, ongi jokatzeak baino garrantzi gehiago dauka garaipenak, eta horixe gertatu zen atzo Agileran. Lehen zatitik ikusi zen partida nolakoa izango zen, eta horrelakoetan ostiko eta jaurtiketek berebiziko garrantzia hartzen dute; atzo ere ez zen gutxiago izan, langetarako jaurtiketek erabaki baitzuten norgehiagoka. Izan ere, entseguetan ez zen alderik egon -bakoitzak bana lortu zuen eta gauzatu ere biak gauzatu zituzten-.
Horiek horrela, Traillek egindako bi dropek erabaki zuten azkenerako partida, eta horrek lau puntu garrantzitsu eman zizkion talde zuri-gorriari. Apurka apurka Biarritz ari da erakutsi behar duena erakusten, eta zaleak oso konforme daude horrekin.