GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Bertsulari xapelketako finalerdia

Sustrai Colinak bertsotan erraz egiten duela erakutsi du

Finaleko zortzikotea zein izanen den erabaki zen atzo Gabadin. Sustrai Colina nagusitu zen finalerdian. Miren Artetxe izan zen bigarren eta azaroaren 13an Donibane Lohizunen izanen da. Ezustekoa Joanes Etxebarriak eman zuen, lehen aldiz aurkeztu baita txapelketara eta finalean kantatzeko tokia bere egin baitu.

p058_f01_200x100.jpg

Zuraide ETCHEMENDY

Amikuze eskualdean jokatu zen atzo Xi-La-Ba Bertsulari Xapelketako bigarren finalerdia. Donapaleu inguruko herri tipiek osatzen dute Amikuze eskualdea, eta, bazter horietan egun euskara baztertu samarrik ageri bada ere, garaian ukan zuen presentzia eta indar handiagoa. Hala ere, badira oraino euskarari eta bere magaletik ateratzen diren kultur moldeei fermuki eusten dioten euskaldunak Nafarroa Behereko bazterretan, eta atzo, besta eta ospakizun egun bat bailitzan, anitz bertsozale heldu zen Gabadiko herriko gelarat, antolatzaileek eserleku gehiago ezarri beharra izateraino. Eta entzuleek hutsik egin ez zutelarik, bertsolariek ere halatsu erantzun zuten, saio bikain bat egin zutelako.

Bi orenez kantuan aritu ondotik Sustrai Colinak eskuratu zituen puntu gehien, 240,5 puntu alegia, eta kontent ageri zen elkarrizketaren tenorean: «Hastapenean buruari ezarri nion xedea bete dut. Zortziko handian ideia batzuk plazaratu ditudala uste dut, baita txikian ere; puntuari erantzuten eroso sentitu naiz eta seiko motzean hala segitu dudala pentsatzen dut. Gero, kartzelan, bururatu zaidan ideiari forma ematen ahalegindu naiz». Eta apaltasunez eskaini zituen hitz horiek; agian, soberako apaltasunez. Kazetari honek, saioa bukatu eta entzule izan ziren batzuekin bildutakoan, inpresio anitzek bat egiten zutela ikusi zuelako, eta hitz haietan zerbait nabarmentzekotan, Sustraik eginiko lana bikaina izan zela erranen dugu, eta puntu gutxiegi ematen ote zitzaion zalantza ahotik ahora ibili zen. Polemikak elikatzea behintzat ez du xede aipamen honek, eta errealitate eta egiari zor hor geldituko da idatzia.

Kontuak kontu, biziki saio ona josi zuen Sustraik, eta kartzelakoan eginiko lanarekin pastizaren gaineko kandela piztu zuen. Hona bere kartzelako gaia: «Zuretzat zer da eskola?». Eta hona bertsoak: «Nik ikasi dut Xalbador eta Etxepareko geletan/barnekaldeko ta kostaldeko elkartzen baikinen bertan/nola piperrik ezin zen egin examin ta azterketan/saiatzen ginen filosofian eta matematiketan/baina guztia oinarritzen zen balore humanoetan»; «Jolas garaian denak pilotan denak pozik denak alai/harremanean oinarritzen den gurpilak aurrera darrai/gure hizkuntza genuelako ikasgai eta mintzagai/nahiz ta guztiak aldatu garen andana garairik garai/ikaskideak lagunak ditut ta irakasleak ere bai»; «Gillermorekin euskara eta Xan Leonekin kirola/Xan Ben galderek ematen zuten guardia zibilen kontrola/paseak pasa egindakoaz ez naiz damutzen inola/zer da eskola galdegin duzu ta erantzun dizut hola/jaso bainuen nere haurrentzat desio dudan eskola».

Erantzun zoragarriak

Miren Artetxe izan zen bigarren, 319,5 puntu bildu ondotik, eta biziki lan ona egin zuela erran behar dugu. Ideia eta erantzun zoragarriak plazaratu zituen, eta bat hautatzekotan bere zortziko txikiko ariketa aipatuko dugu. Sustrai zuen ofizio kide, eta gida baimenarentzat ikusmen proba egin beharra zuen Colinak; Miren zen okulista eta hizkien pankarta jarririk Sustraik ez zuen bakar bat ere xuxen erran. Honela hasi zuen Mirenek bertsoaldia: «Nahiz ta hor zinun Z, T hor ta N han/ez duzu deus ikusten begien parean/hori espero nuen lehenengo unean/agur Artetxe jauna erran duzunean». Sustraik honela erantzun zion: «Agur Artetxe jauna esan dut jakina/baina boza sumatu dizut desberdina/baimena emaiteko egin ahalegina/ikusiko zintudan radarra bazina». Jarraian, Mirenek irria sortzen segitu zuen: «Autoa hartu nahi duzu, ene! ala fede!/bista horrekin etzira ibiliko trebe/ta entzun aholku hau egizu mesede/zu etzaitez ibili bizikletaz ere!». Sustraik honako bota zion gero: «Beraz akatsak soilik daduzkat soinean/ta ezin ikusi bat muinaren muinean/bizikletan ez nabil ni azken finean/hona're etorri naiz astoan gainean». Mirenek honela bukatu zuen: «Astoan ere arrisku galanta zira zu/42 euro da kontsulta hau aizu/hartu karta vitala ta paga ezazu/boh hori diru moltsa aurkitzen baduzu». Azkenik, Sustraik bukaera ironikoa eman zion bertso sortari erantzun honekin: «Mediku honek badu gutxik haina zentzun/bere pikardiari nahi diot erantzun/moltsa aurkitzekotan medikua entzun/badakizu eskua non sartu behar duzun».

Joanes Etxebarriak egin zuen hirugarren 312,5 puntu bilduta, eta ezusteko galanta eman zuen, finalean sartu delako alde batetik, baina baita saio bikaina egin zuelako ere; zubereraz, ideia ederrekin, arrazoiz betea…. Horrenbestez, honako zortzi bertsolariek kantatuko dute Donibane Lohizuneko final handian: Amets Arzallus, Eneritz Zabaleta, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Odei Barroso, Joanes Etxebarria, Ekhi Erremundegi eta Xumai Murua. Azaroak 13an han ikusiko dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo