Afrikar doinuek irekiko dute gaur Musiketan, Coco Mbassi kamerundarraren ahotsean
Orain 18 urte ekin zion Musiketan zikloak bere jardunari Bilbon, hiriko igandeak folk musikekin gozotuz. Aurtengo egitaraua gaur hasiko da eta maiatzaren 29an bukatu, hamahiru zuzenekoren ostean.
GARA | BILBO
Euskalduna jauregitzarra utzi eta hiriaren erdigunean den BBK aretora aldatu da aurten Musiketan. Hori dugu gaur Coco Mbassi Kamerungo abeslariak irekiko duen ziklo zoragarriaren berritasun bakarra. Bere musika Afrikako sustraien, musika klasikoaren, jazzaren eta gospelaren nahasketa leuna da, soul musika akustikoaren sentimendu modernoaren ukituarekin; berak konposatzen du eta bere senar Serge Ngando Mpondorekin batera ekoizten ditu lanak.
Radio France International Decouvertes Contest lehiaketa irabazi zuen 1996an, baita German World Music CD Critics Award 2001ean eta BBC World Music Awards sarietarako izendapena lortu ere 2002an, «Sepia» bere lehen diskoagatik. Munduko agertoki eta jaialdi ospetsuenetan biran izan da Coco Mbassi; horien artean nabarmentzekoak dira Peter Gabriel-ek antolatutako Eden Project Live 8 Concert 2005 eta beste zenbait: Louisiana International Festival, Jazz Sous Les Pommiers (Normandia, Frantzia), Quebeceko Festival d'Eté in Montréal and Nuits d'Afrique...
Coco neskatoa zela hasi zen abesten, artean hitz egiten ez zekiela; bere familian, Kamerunen, munduko edozein lekutako musikari irekita zeuden; igande goizetan Handelen Mesiasekin esnatzen zen, edota Jackson Five taldearen abesti arrakastatsuenekin dantza egiten zuen. Oporretan, aitaren herrira joaten zen eta han Ambass Bey erritmo eta kantu tradizionalak kantatu eta dantzatzen zituen.
Pariserat
Hamalau urte zituela baina, Parisa joan zen ikasketak jarraitzera. Frantziar Estatuan zegoela, institutua amaituta eta unibertsitatean pare bat urte egin ondoren (itzulpen graduondokoa lortu zuen), sona handiko afrikar artistentzat korista gisa abesten hasi zen zuzenean eta estudioan, hala nola: Manu Dibango, Salif Keita, Ismael Lo, Richard Bona eta beste asko.
Hainbat proiektu klasiko garaikidetan parte hartu zuen eta ahots nagusi gisa zein korista gisa parte hartu zuen «Les Cherubins» koro frantses-afrikar ezagunean. Pixkanaka, bere ibilbidea osatzen joan zen bakarlari gisa eta bere bi diskoak eman zituen argitara: «Sepia» (2001) eta «Sisea» (2003).
Bere azken lana «Coco Mbassi Tour» zuzeneko DVDa da, eta une honetan hurrengo diskorako abesti berriak osatzen ari da. Berak honela deskribatzen du bere musika: «Afrikan sustrai sakonak dituen zuhaitza da, adarrak musika klasikora, soulera, gospelera eta jazzera zabalik, baita musika latinora eta popera ere».
Euskalduna jauregia agurtu eta Bilboko kale nagusian den BBK aretora egingo du Musiketan zikloak aurten, folk kantari ezezagun bezain interesgarrien partaidetzarekin.
Coco Mbassi kamerundarraren ahotsa Afrikako sustraien, musika klasikoaren, jazzaren eta gospelaren nahasketa leuna da, soul musika akustikoaren sentimenduarekin.
Data: Gaur.
Lekua: BBK aretoa (Bilbo).
Ordua: 20.00etan.
Sarrera: 11 euro.