GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Ingurune birtuala: Hondo eta olatu artifizialak

Neguaren etorrerarekin batera, askotan azaleratzen da olatu artifizialen afera. Hona hemen gai honi buruzko zenbait datu.

p052_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Egungo gizarte ereduan erosotasuna balore gorenetako bat dela ez da inongo sekretua. Baldintza erosoagoetan jarduteko, makina bat buruhauste izaten ditu, ordea, gizakiak. Inora joan gabe eta naturaren baldintzak edonolakoak direla ere, nahi bezalako olatuak sortu nahi izatearen afera, horren adibide bat gehiago baino ez da. Saiakuntza anitz izan da eremu horretan. Hala ere, bi multzotan bana daitezke olatu artifizialak sortzeko egin ohi diren egitasmoak. Batetik, ingurune naturalaz baliatuz hondoan egiten diren eraldaketak leudeke, hondo artifizialak eraikitzen dituztenak alegia; eta bestetik, ingurunea bera ere eraikitzen duten makroproiektuak leudeke, olatuak sortzen dituzten igerilekuak kasu.

Hondo artifizialak

Lehen hondo artifizialak Kalifornian egin ziren, 1984an. El Segundoko kostaldean petrolio ontzietara zihoazen hodi batzuk eraiki behar zituen enpresa bat izan zen egilea. Proiektua olatu onak izan ohi ziren leku batean egitekotan zirenez, ez zeudela horrekin ados adierazi zuten surflariek, eta tira-birak izan ziren. Azkenean, proiektuaren arduradunak surf egiteko ordezko leku egoki bat bermatzeko konpromisoa hartu zuen, eta surflariekin elkarlanean, hondo artifizial batzuk eraikitzea erabaki zuten. Oihartzun handia izan zuen albisteak, surflariak gustura zeuden ideiarekin, baina errealitateak porrota agerian jarri baino ez du egin. 26 urteren buruan, ez da olatu onak izan diren egun bat bera ere izan, eta aurten erretiratu dituzte bere garaian hondoak egiteko erabilitako 200 harea zakuak. Dirudienez, gainazaletik gertuago behar lukete zaku horiek, uhinak etortzean, olatu on bilakatu zitezen. Kontua da, lehen saiakera honek ez zuela emaitza onik izan.

Proiektu ugari egin izan da ondorenean ere. Proiektu oso garestiak izan ohi dira, eta horregatik, ohikoena makroproiektuetan kokatzen diren azpiproiektuak izatea da. Turismoa sustatzeko-edo itsasaldi bortitzak jasaten dituzten kostaldeetako babes proiektuekin batera egin ohi dira hondo artifizialak kasu gehienetan.

Hondoari forma emateko material ugari erabil daiteke, eta gehienetan hondoratutako itsasontziekin gertatzen den moduan, hondoan ezarritako materialek itsasbelarrak eta bizia sortzen dute, arrainek babes hartzen duten leku ere bilakatzen direlarik. Ikuspegi ekologiko batetik begiratuta, ez dira hain proiektu kaltegarriak, beraz.

Australian esaterako, olatu hobeak sortzeko arrezife artifizial desberdinak aurki daitezke. Cable Beach. Australia mendebaldean aurkitzen da, bertan granitozko arrokekin osatutako piramide formako arrezife artifizial bat egin zuten, olatu hobeak izatearren, baina emaitza ez zen nahi bezalakoa izan. Narrowneck da beste adibide bat, Australiako ekialdean, Gold Coasteko hondartzetan aurkitzen da. 2000 urtean geoehunezko 400 zaku erraldoi pausatu zituzten hondoan, zaku bakoitza autobus bat baino handiagoa zelarik, baina kasu honetan ere emaitza ez zen nahi bezalakoa izan.

Indian itsasaldien kolpeaz babesteko arrezife artifizial bat egin berri dute, Zeelanda Berriko enpresa bat arduratu da eraikuntza lanez. Kostatik nahiko urrun arrezife artifizial bat eraiki dute, eskuin olatuak sortzen dituena. Horrela, surf egiteko aukera emateaz gain, itsasaldiak askoz ere indar gutxiagorekin heltzen dira kostaldera, eta gainera, barradera bat eginez gero desitxuratuko litzatekeen paisaiak ez du hainbesterako aldaketarik jasaten. Olatuaren kalitatea nahiko ona omen da.

Europan olatuei forma emateko sortutako hondo artifizial bakarra Britainia Handian aurkitzen da, irlaren hegoaldean eta egitasmo hau ere makroproiektu turistiko baten barnean kokatuta eraman zen aurrera. Pasa den udaberrian lanak amaitu zituztenetik ez da hondoen eragina egiaztatzeko aukera askorik izan; izan ere, kokalekuagatik, ez da itsasaldi asko jasotzen dituen kostaldea, eta gainera, handik oso gertu itsaskien sarrera oztopatzen duen kai-mutur bat dago. Urriaren batean izan zuten lehenengoz olatua ganoraz dastatzeko aukera, baina orduan ere baldintzak ez ziren oso egokiak izan, itsaskia nahiko ahula baitzen eta haizeak ere ez baitzuen lurretik putz egiten. Oraindik ezin da hitz egin hondo artifizial hauen balizko arrakastaz edo porrotaz, baina argi dago ongi egindako lana izanda ere, urteko egun oso gutxitan ikusi ahal izango dela funtzionatzen.

Olatu artifizialak

Arrezife artifizialak egitea oso garestia bada, igerilekuetan surf egin ahal izateko olatuak sortzea ere ez da batere merkea. Orain artean, proiektu ugari aurkeztu izan da eta olatuak dituzten igerilekuak anitz dira, baina gutxieneko kalitatea dutenak esku bateko hatzekin konta daitezke.

Batzuk olatu estatikoak dira, olatu formako horma baten aurka presio handiz botatako urak sortzen du olatua. Kasu hauetan, surflaria olatuaren gainean dabil, baina olatua ez da lekuz mugitzen. Ibaietan, uraren jaitsiera bortitzak arroken aurka egitean sortzen duen efektu bera da. Olatu mota hauetan hobeto moldatzen dira snowboardean edo skatean jarduten dutenak, surflariak baino.

Lehen olatu estatikoa Texasen eraiki zuten 1991ean, "Flow Rider" deitu zuten, baina ez zeukan tuburik eta bi urte geroago Norvegian, tuboa sortzen zuen olatua egin zutenean "Flow Barrel" deitu zuten. Hurrengo urratsa 1999an eman zen, "Flow Barrel" mugikor bat eraikita, olatua edozein lekutara garraiatzeko aukera ireki zenean.

Beste olatu motak, dinamikoak, hondartzetako olatuen antz handiagoa dauka. Igerilekuko horma batetik propultsio bidez sortutako uhin bat altxatzen da, eta hondoekin talka egitean olatua lehertzen hasten da. Mota honetako olatuak dituzten igerilekuak asko dira, baina surf egiteko gutxieneko maila eskaintzen dutenen artean bi dira ezagunenak. Batetik, Floridako Walt Disney World parkean aurkitzen den igerilekuko olatuak leudeke. Olatu nahiko onak daude bertan, baina igerilekuetako klorodun urak ez du itsasoko uraren dentsitate eta indarrik eta olatuan abiaduraz surf egitea kosta egiten da. Bestetik, Japoniako Sheraton Seagaia Resort igerilekua legoke, orain artean emaitza onenak lortu dituen proiektua.

Seagaia izena jarri zioten eraikin erraldoi honi. «Sea», ingelesezko hitzak, itsasoa esan nahi du eta «gaia» hitzak, japonieraz lurra adierazten du. Itsasoa eta lurra batzen dituen eraikina da, beraz, honako hau. Hondartza, itsasoa eta zerua ere irudikatuak dituen eraikin itxi bat da, eguraldiak laguntzen duen egunetan sabaia irekitzeko aukera ere eskaintzen duena. 1993an altxatu zen eraikin hau egiteko, Mitsubishi marka ospetsuak eskainitako diru laguntza ezinbestekoa izan zen. 2007an eraikina itxi zuten berrikuntzak egiteko, eta bi urteren buruan, berriz ireki zituzten paradisu birtual honetako ateak. Paradoxikoki, Miyazakiko hondartzatik oso gertu dago eraikina. 2007an Adrian Kaperotxipi zarauztarrak, Euskal Herria ordezkatuz, gor-mutuen Munduko Surf Txapelketan 7. postua eskuratu zuen hondartza da. Tamalez, ezin izan zuen igerilekuko olatua dastatu, berrikuntza lanetan ari baitziren.

Ordubete surf egiteko, igerilekuaren alokairua 150.000 pezetakoa zen hastapenetan, beraz gaur egun han surf egin nahi duenak, gutxienez, 900 eurotik gora ordaindu beharko dituela pentsa daiteke. Behin diru hori ordainduta, palmondo artean eta tenperatura goxoan olatu onak hartzeko aukera zabaltzen da. Eskuin olatuan tuboak eta guzti egin daitezke, eta olatuaren altuera ia hiru metrora ere iristen omen da, baina hondoek eragin egokia izan dezaten, metro eta erdiko tamaina gomendatzen dute.

El segundo

Kaliforniako leku honetan, 26 urteren buruan ez da olatu onak izan diren egun bat bera ere izan eta aurten erretiratu dituzte bere garaian hondoak egiteko erabilitako 200 harea zakuak.

olatu estatikoa

Olatu formako horma baten aurka presio handiz botatako urak sortzen du olatua. Surflaria olatuaren gainean dabil, baina olatua ez da lekuz mugitzen. Ibaietan uraren jaitsiera bortitzak arroken aurka egitean sortzen den efektu bera da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo