GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Giza ezaugarri bat: errealitate birtuala

Surflari ernegatua

Inor gogoratzen al da Tolosan egitekotan omen ziren olatu hartaz? 2007ko apirilean proiektua oso aurreratuta zegoela zioten komunikabideen aurrean, laster Europako olatu artifizial hoberena izango genuela. Eta 2008ko uztailean Leioan eraikitzen ari zirela zioten olatu famatuaz? Hiru metroko altuera izango zuten olatuak sor zitzakeen proiektua aurkeztu zuten. Alkateak, proiektuaren arduradunak eta komunikabide guztiek hitzetik hortzera izan zuten eraikuntzak izango zuen arrakasta. Inor agertu al da komunikabideetan proiektu kolosal haien nondik norakoak zertan diren azaltzera? Albisteak sinetsi eta ahanztea, gizakiaren ezaugarria izango da.

Neguko tenperatura hotzek, egun ilun eta goibelek, baldintza goxoagoak diren lurraldeekin amestera bultzatzen gaituzte maiz. Neoprenoa eta eguraldi goibela alde batera utzi, eta eguzkiaz bainujantzitan gozatu nahi genuke, baina horretarako modu bakarra bidaiatzea da eta hori ezinezko zaigunean, beste aukera batzuek aztertzen hasten gara. Naturak eskaintzen digunaz harantzagoko zerbait egitea gizakiaren berezko joera dela dirudi, ideiak gauzatzearen erronka, alegia. Irudimenaz baliatuz baldintza erosoagoak eskainiko dizkigun zerbaiten bila gabiltza, inoiz asetzera iritsi gabe. Gizakiaren berezko ezaugarri bat dirudi.

Surflari baten etengabeko bidea olatu perfektuaren bilaketak bideratzen du. Batzuek alderik alde zeharkatuko dute mundua, beste batzuek itsasaldi baten zain igaroko dute bizi erdia, beste batzuek egun handia iritsiko denaren itxaropenarekin egingo dute amets eta beste batzuek, behin olaturik bikainena harrapatu ostean ere, beren bidean jarraituko dute, «olatua» berriz ere harrapatuko duten egunaren zain. Inoiz ez gara ase, gizakiaren berezko beste ezaugarri bat dirudi.

Olatuak baditu bere berezko ezaugarriak ere. Batez ere, hondoen arabera lehertzen da olatu bat modu batera edo bestera. Bigarren aldagai garrantzitsua haizea da, olatuaren itxura garbiagoa edo narrasagoa egiten duena. Igerileku batean olatu bat sortu nahi bada, haizearen aferak ez du eraginik. Hondoak ere nahi bezalakoak eraiki daitezke. Olatua hondoetara nahi den norabidean zuzen daiteke. Olatu on baten forma hartuko duen uhin artifizial eder bat sortzea ere posible da. Ingurune tropikal bat irudikatuko duen agertoki bat ere lor daiteke, tenperatura goxo eta palmondo artifizialekin. Aparteko eraikuntza sinesgaitzak egiteko gai dela frogatu du gizakiak. Baina, olatuen kasuan behintzat, egiazkoaren kopia bat besterik ez da. Kasurik onenean ere, kopia on bat izateko aukera mugatua baino ez duena. Itsasoko urek duten dentsitatea, konposizioa, olatuetan eragina duten ingurunearen aldagai amaigabeak, eta batez ere, gizakiari gailentzeko naturak berak duen era, imita ezinak dira. Baina hor ere temati jarraitzen dugu. Gizakiaren berezko beste ezaugarri bat izango da.

Leku bakoitzak, olatu bakoitzak, gainontzeko guztiez bereizten duten aldagai ugari dauzka. Antzekotasunak aurki daitezke, baina ez dago parekorik. Ez daude bi berdin eta hala baleude, filosofoen errepika-leloa da, «bakarra lirateke». Baina nahigabean edo, konparaketak egitera jotzen dugu. Gizakiaren beste ezaugarri berezkoa.

Urrian, bigarren asteburuan, alerta horia eta laranja iragarri zituzten komunikabideek. Oilo luma bat ere mugituko ez lukeen haize ufadak izan ziren, oso bortitzak, ia Filemonen bi ileak mugiarazterainokoak. Gaur eguraldia albiste da. Udan eguzkia egitea, udazkenean hego haizea egitea edo neguan zirimiriak gure sorbaldak bustitzea albiste bilakatu da. Eta hala ere, hurrengo iragarpenean haien esanak arretaz entzungo ditugu. Horrek Mendebaldeko gizakiaren berezko ezaugarria dirudi.

Egoera idealekin amets egin, inoiz ez ase, natura imitatu, konparaketak egin, eta abar. Gizakiaren berezko ezaugarriak dirudite. Gauzak ikasi eta ahaztea ere beste ezaugarri bat izango da. Eta zenbaitzuek esandako guztia sinestea? Behin eta berriz gezurra esan, errealitatea desitxuratu eta gutxi batzuen mesederako propaganda egiteko beste xederik ez dutela frogatu duten sasi komunikabideetan oraindik fedea izatea? Hori ere, gizakiaren berezko ezaugarri bat ote da?

Gizaki garenez, gizakion ohiko ezaugarriek gidatuko dute gure jarduna. Baina, gizakiak sortutako olatuen zain dagoenak, Tolosako edo Leioako olatuen zain dagoenak, itxaropenik badu, oraindik orain jai dauka. Olatuak nahi dituenak, bilatu egin beharko ditu, eta horretarako, itsaski eta eguraldi iragarpenen berri izatea laguntza handia izan daiteke, baina aholkutxo bat. Gurean, kolore guztietako alertak ematen dituzten horiei ezta kasurik ere, egia esan nahi dutenean ere gezurra besterik ez baitiote. Eta bestela, bada asmatzeko beste modu bat, kontrakoa egin. Hori ere, kontra egitearena, gizakiaren berezko ezaugarria omen da. Gaztetan bederen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo