GARA > Idatzia > Kirolak

BAT FORMULA KOREAKO SARI NAGUSIA

Red Bullen hutsek koskarik gorenean utzi dute Alonso

Ferrari etxeko gidariak bosgarren garaipena erdietsi zuen euriaren eraginez gora behera handiak izan zituen lasterketan eta esku-eskura du txapelketa.

p039_f02_097x160.jpg

Ander GARTZIA

Euriak eta zenbait piloturen kexek, batik bat ikuspen urriak eragindakoak, erabat baldintzatu zuten atzo jokatutako Koreako Sari Nagusia. Izan ere, lasterketa hasi eta segurtasun autoaren atzetik lau itzuli eman ostean, bandera gorria atera beharrean izan ziren epaileak. Lasterketari berrekiteko inolako prisarik azaldu ez zuten gizonetako bi Sebastian Vettel eta Mark Webber izan ziren, besteak beste Koreako Sari Nagusia bertan behera gelditu izan balitz puntu oso garrantzitsuak bereganatuko zituztelako larunbateko sailkapen proban denbora azkarrenak egin ostean.

Nork daki, akaso, patuak beraientzat gordeta zituen ezustekoen beldur ere baziren Red Bull etxeko gidariak. Kontuak kontu, lasterketa berrekin eta hamahiru itzuli segurtasun autoaren atzean egin ostean, bai Webberrek bai Vetellek lasterketa utzi behar izan zuten. Webberrek belar irristakorra zapaldu eta paretaren aurka zanpatu zuen autoa; Vetellek, aldiz, motorrean matxura izan zuen lasterketa irabaztear zela.

Alonso, lider

Red Bull taldearen hondamendiari etekina atera eta txapelketari begira itzelezko aurrerapausoa eman zuena Fernando Alonso asturiarra izan zen. Ferrariko gidariak etekin ezin hobea atera zien alemaniarrak eta australiarrak izandako arazoei eta denboraldiko bosgarren garaipena erdietsi zuen presaka estreinatu berri duten Koreako zirkuituan.

Jenson Buttonek ere agur esan zien atzokoan txapelketa bigarren urtez jarraian eskuratzeko zituen aukera urriei. Buttonen lasterketa hasiera kaskarra ikusita, McLarenek arriskatzea eta gurpilak lehenago aldatzea erabaki zuen, baina kale egin zuen.

RED BULLEK kale

Hamazazpi itzuli segurtasun autoaren atzean eman eta gero, hiru itzuli bakarrik egin zituen Webberrek bere autoa hormaren aurka zanpatu arte. Vettelek, berriz, matxura izan zuen hamar itzuliren faltan lehen postuan zela.

hamilton, bizirik

Alonsok bezala, McLaren etxeko britainiarrak ere etekina atera zien Red Bullek izandako arazoei. Ohi baino gutxiago arriskatu eta bigarren izan ostean, txapelketako hirugarren tokian da Hamilton Alonsok baino 21 puntu gutxiagorekin.

Brasilen txapeldun izan daiteke asturiarra

Bi lasterketaren faltan Fernando Alonso berarentzat hirugarrena litzatekeen titulua irabazteko hautagai nagusi bilakatu da. Horren erakusle, Ferrariko asturiarra da titulua lor dezaketen bost gidarien artean Brasilgo Sari Nagusian txapeldun izateko aukerak dituen bakarra. Alonsok garaipena erdietsi eta Webberrek lehen lau postuetan sailkatzea lortzen ez badu, asturiarra txapeldun litzateke, baita bigarren izan eta Webber lehen zazpien artean ez bada edota hirugarren izan eta australiarra bederatzi onenen artean ez bada ere. A.G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo