GARA > Idatzia > Kultura

Ardoaren ordez liburuak; Bilbok mediateka erraldoia ireki du hiriaren bihotzean den Alondegian

Bilboko Alondegiko mediatekak atzo ireki zituen ateak, eta erabiltzailez bete zen, eguraldi kaskarra zegoela-eta. Guneak 4.000 metro koadro ditu eta hiru solairutan banatuta dago. Astelehenetik igandera dago zabalik.

p058_f01_148x56.jpg

A. BILBAO | BILBO

Liburutegien Nazioarteko Eguna genuen atzo, eta, data profitatuz, atzo ireki zituen ateak Alondegiko mediatekak, New York hiriko liburutegien arduradun Paul Holdengräberrek 18.30ean eman zuen «Desio deituriko liburutegia» hitzaldiarekin.

Atzo ireki eta erabiltzailez bete zen guneak 4.000 metro koadro ditu hiru solairutan banatuta. Lehenengoa haur eta gazteentzako espazio berezia da -Bilboko artxiboa eta hiriari buruzko informazioa ere bertan dira-. Bigarrenean, irudia eta soinua zein zientzia bezalako gaiak dira nagusi, helduentzako komiki gunearekin batera. Hirugarrenean, literatura, historia, bidaiak, kirola eta ongizatearekin lotutako edukiak daude.

Liburu, komiki, DVD, CD eta besteren maileguak Bilboko udal liburutegien txartelarekin edo Alondegiko Hó txartelarekin egingo dira. Mediateka astelehenetik igandera egunero irekiko da, 10.00etatik 22.00etara (asteburuetan 11.00etatik 21.00etara).

Shopa, saltokia baino gehiago

Alondegiak, plaza estalia den heinean, saltokia ere badu, Shopa izenekoa (Bilboko Maiatzaren 2a kalean diren Litteraemundi eta Anti liburu dendek, Garabat galeriak, Trakabarraka moda enpresak, Hygge estudioak eta Lujo y Miseria kooperatibak elkarlanean sortua). Ohiko oroigarriak aurki daitezke bertan, baita elikagai finak (bereziki prestatutako olio eta ardoak), liburu hautatuak (artea gai dutenak, komikiak...), arropa bereziak eta jostailuak ere (haurrentzako gune propioa dute-eta). Alta, haratago joan nahi du Shopak, eta egitarau kulturala aurkeztuko du hilero. Ardo dastatzeak, sorkuntza tailerrak edo Mursego taldearen umeentzako kontzertua bezalako ekimenak egin dituzte jada. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo