GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Aurrerapausoa» emango du Hamaika TBk denboraldi berrian

Hamaika Telebistaren «txikitasuna» ez da oztopo izan saio berriak abian jartzeko. Estreinatu berri duten hirugarren denboraldian haurrek beraientzako tarte berezia izango dute, baita helduek ere «Esatea libre» saioan. Azarora bitartean pixkanaka helduko dira katearen berritasunak.

p059_f01_148X83.jpg

O.L. | DONOSTIA

Hamaika Telebistaren hirugarren denboraldia dagoeneko hasi den arren, azaroan eduki berriak abiaraziko dituzte. Hala, aurretik eskaintzen zituzten hainbat programez gain, beste eduki berri batzuk ere prestatu dituzte Bizkaia eta Gipuzkoan dituzten kanaletarako, betiere euren konpromisoa «Euskal Herri osora» zabaltzen dela gogoratzen duten bitartean. Izan ere, ez dira bi lurralde horien berri ematera mugatuko. Denboraldi berria diseinatzerako garaian, Urtzi Urrutikoetxea Bilboko Hamaika Telebistako zuzendariak adierazi duenez, «alde batetik, ikusi genuen beharrezkoa zela aurrerapauso bat ematea, alegia, gauza txukunak egin ditugula orain arte baina, betikoa, dagoena hobetzen saiatu beharra dagoela falta den horretara ailegatzeko». «Talde txiki eta xumea» osatzen dutela onartu arren, hiruzpalau ideia «nahiko argi» dituztela gaineratu zuen, «batez ere nora iritsi nahi dugun».

Eztabaidak eta haur saiok

Eztabaida saio bat «beharrezkotzat» zutela eta, «Esatea libre» programa abiarazi dute; asteazkenero ikusi ahal izango da, 22.00etan. Programaren ardura Naroa Iturriri egokitu zaio, Donostiako Hamaika Telebistako zuzendariari. Euskal kazetari esanguratsuekin batera, politika, ekonomia eta beste hainbat arlotako protagonistak gonbidatuko dituzte.

Berritasunetako bat Bizkaia Irratiarekin lortu duten elkarlan akordioa da. «Kolaborazio honetatik, besteak beste, mahai inguru bat aterako da. Beraiek irratian eskainiko dute, eta, horrez gain, geurean Udane Goikoetxea irrati esataria arituko da oraindik izenik ez duen telebista programa batean, gai sozialagoak eta hurbilagokoak tratatzeko».

Ume eta haurrei dagokionean ere badute proiekturik «iaz genituen saio batzuk indartzeko», adierazi du Urrutikoetxeak. «Bestetik -gaineratu du-, iruditzen zaigu ikastola eta eskolekin harremanak indartzea oso garrantzitsua dela etorkizunera begira. Gogor ari gara elkarlan hori sustatu nahian». Izan ere, Hamaika Telebistak «oso argi» du talde lanaren garrantzia: «Talde txiki honek behar duena ahalik eta elkarlanik handiena da».

«Kulturzale» saioan, batez ere, liburu eta disko gomendioak egiten dituzte. Orain, Bertsozalere kultur elkartearekin batera, Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketaren jarraipena egingo dute. Baita Ipar Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketarena ere. Urrutikoetxeak berak «Bat&Bat» magazine-albistegia gidatuko du astelehenetik ostiralera, 21.00etatik aurrera. Bertan, albisteen hurbiltasunean sakontzeko asmoa dute, gertaeretara gerturatuz, baita jendearen parte hartzea bultzatuz ere. «Geroz eta elkarte eta erakunde gehiagok sortzen dituzten edukiak sarean zintzilikatzen dituzte egun. Beraz, hor badago guretzat oso iturri garrantzitsua. Telefono eta e-posta bidez dagoeneko jarri dira gurekin harremanetan. `Aizu, hau eta beste dugu egina', esaten digute, eta guk bidaltzeko eskatzen diegu, ateak ez baitizkiegu inori ixten».

Etorkizunera begira, badute gogoa Arabara heltzeko, baita ahal bezain laster EAE osora heltzekoa ere. Bilboko Hamaika Telebistako zuzendariak azaldu duenez, legeak ezartzen dituen eskumenak direla-eta, «zoritxarrez» ezin dira oraingoz Nafarroa edo Iparraldera heldu. Hala ere, herrialde horietan Internet bidez ikus daiteke Hamaika Telebista.

Programazioaren gaineko informazio zehatzagoa eskuratzeko www.hamaikabilbo.tv atarira jo daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo