GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Bizkaiko Irekia

Gazteek bigarrengoan ere beteranoei gain hartu diete

Rekondok eta Atutxak lan erdietatik aurrera apur bat sufritu behar izan zuten, baina iraupeneko proban erabaki zuten, amaieran minutu bateko tartea lortuz.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Ez da ezusterik izan, eta Atutxak eta Rekondok irabazi egin zuten atzo Bizkaiko Irekia. Iazko final bera jokatu zen, eta bigarrengoan ere gazteek mendean hartu dituzte Lopez eta Mendieta beteranoak. Sekulako jendetza batu zen atzo Eubako pilotalekuan. Bikote bakoitzak sei proba ezberdin egin behar izan zituen.

Hasteko, 45 ontzako enborrak zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen aizkolarien lehen lana. Bigarrengoan, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten. Hirugarrengoan, kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten. Laugarrengoan, 60 ontzakoa txanda librean erdibitu behar izan zuten; bosgarrengoan, 45 ontzako bat etzanda jarrita eta beste bat zutik jarrita moztu behar izan zituzten. Azkenik, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako.

Gazteek oso indartsu ekin zioten, eta lehen hiru probetan nagusi izan ziren, alde dezentea lortuz gainera. Horrekin bazirudien dena erabakita zegoela, baina beteranoek erreakzionatu egin zuten, eta ondorengo bi lanetan garaile atera ziren. Beraz, azkenekoan, iraupen proban, erabaki behar zen dena; hasieran Lopez eta Mendieta aurretik ibili ziren hirugarren enborrera bitartean, baina laugarrengoa nahikoa txarra egokitu zitzaien eta Atutxa-Rekondo bikoak horri buelta eman eta proba honetan ere garaile atera ziren, txapela segurtatuz.

Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 43 segundo behar izan zituzten Rekondo-Atutxak eta 21.44, berriz, Mendieta-Lopezek. Beraz, amaieran minutu bat pasako aldea kendu zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo