GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Izeta II.ak jasoaldi bateko aldearekin irabazi du Arrigorriagako lehiaketa

J.L.

Izeta II.a trebea da harri traketsekin, eta hori nabarmendu zuen berriro ere Arrigorriagako harri traketsarekin jokatu den lehian. Aiarrak txapela jantzi zuen, nahiz eta estu ibili zen, jasoaldi bakar bat kendu baitzion Joseba Ostolatzari. Gainera, iaz lortutako marka ezin izan zuen ondu.

Izeta II.ak 18 jasoaldi eman zizkion, iaz baino bi gutxiago. Bere atzetik sailkatu zen Joseba Ostolatza. Zestoarrak ere lan ona egin zuen, baina 17 jasoaldirekin ezin izan zuen bigarren postua gainditu. Hirugarren, berriz, Izeta III.ak amaitu zuen. Aiarrak 14 jasoaldi eman zizkion, eta laugarren, bat gutxiagorekin, 13rekin, alegia, Izeta IV.a izan zen. Bosgarren postua, berriz, Bertizentzat izan zen. Sunbillako kirolari gazteak 11 jasoaldi eman zizkion, eta, 10 jasoaldi emanda, seigarren postuan amaitu zuen Josetxo Urrutiak.

Izeta II.ak azkeneko hiru asteetan Santioago bidea egin du txirrinduz, eta bere giharrek hori asko nabarmendu dute, erabat lan ezberdina egin behar izan baitu. Hala ere, bera zen faboritoa Arrigorriagan, eta amaieran ez zuen hutsik egin.

Harri traketsekin jarraituz, azaroaren 7an Amezketan Albizuri Handia lehiaketa jokatu da. Badira urte batzuk ez dela jokatu, baina aurtengoan berriro jokatuko da. Albizuri Handia harri traketsetan ospetsuenetakoa da, aspaldikoa baita. Lehiaketak sekulako ikusmina piztu izan ohi du, eta aurtengoan ere ez da gutxiago izango. Parte hartzaileen artean bertan izango dira bai Izeta II.a bai Joseba Ostolatza bera ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo