GARA > Idatzia > Kultura

Haur eta gazte literaturan album irudiztatuen erabilera hizkuntza gutxituetan

A. B. | BILBO

Bilboko Alondegian haur eta gazte literatura aztertzeko helburuarekin mintegi bat burutu da asteburuan, «Istorio txikiak, mundu handiak» izenburupean.

Ibaizabal argitaletxeak antolatutako egitarauaren barruan, eta profesionalei bideratutako jardunaldien barruan, «Ikasgeletan ikasle berriekin album irudiztatuez aritzea» gaiari buruzko mahai ingurua burutu zuten, Gretel ikerketa taldeko Montse Perez eta Brendad Bellorin katalanak eta Huelvako Unibertsitateko katedradun Alberto Manuel Ruiz Campos hizlari zirela.

Hiru irakasleek hizkuntza gutxituak hartu zituzten abiapuntu, eta haur etorkinekin egindako ikerketa praktikoen berri eman, gurean ere interesgarri izan daitezkeelakoan, ikastetxeetan euskara zein gaztelerarekin lan egiten den heinean.

Dibertsitatean guztiz murgildurik diren Kataluniako eskola batzuetan album irudiztatuez lan egin ostean, «gaztetxoen hizkuntza maila eta adierazpidea hobetu» egiten dela azaldu zuten Perez eta Bellorinek, eta «etorkinek bizileku berriko kultura ezagutu dezaten ere aproposak» zirela defendatu zuten.

Ruiz Campos andaluziarrak, bere aldetik, Gretel ikerketa taldekoen esanak berretsi, eta album irudiztatuek «eskoletan arazo edo kezka diren gaiak hartu eta hauek lantzeko aukera» ematen dutela gehitu zuen, umeen partaidetza bultzatuta, «hauek hausnarketa propioa egitera bideratzen dituelako, oso maila ezberdinetan gainera».

Izan ere, irudiak unibertsalak dira, ikerlarien ustez, eta «hizkuntza trebetasun urriak izanda ere, interpreta daitezke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo