GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Euskitze eta Joxean Goikoetxeak irekiko dute gaur «Hitza eta musika»

GARA | BILBO

Bilbo Zaharra euskaltegiak kultur egitarau oparoa prestatu du udazken honetarako. Gaurtik bertatik hasita, hitza eta musika uztartuz, «ekitaldi barnerakoiak eta hurbilak» landuko ditu forumak. Euskaltegiak saioak ostegunetan antolatu ohi ditu beti, eta, hori dela eta, alderdi hori azpimarratu nahi izan dute parte hartzaileak despistatu ez daitezen. Gaurko hitzorduak Bilboko Plaza Barrian Euskaltzaindiak duen egoitzan izango dira, 19.00etatik aurrera.

«Euskal Herriko kantariek haien hitzak, haien letrak, zabaltzen dituzte; sentsibilitate modernoa adierazten duten hitzak eta letrak, alegia. Eta hala, hitza da ekitaldiotako protagonista, errezitatzaileen eta kantarien ahotsetan», azaldu zuten antolatzaileek.

Lehenengo saioa Xabier Euzkitzek eta Joxean Goikoetxeak osatuko dute. Telebistako aurkezle izateaz gain, abeslaria ere bada Euzkitze. Berak esana da: «Bertsotan falta izan zaidan lilurak berak eraman nau kantura». Goikoetxea, berriz, akordeoi jotzailea da eta hainbat abeslari eta talderekin egiten ditu kolaborazioak.

Azaroaren 4tik aurrera jardunaldiak ostegunetan izango dira. Jabier Muguruza, Iñaki Irazu, Jean Mixel Bedaxagar edota Amaia Zubiria izango dira protagonistetako batzuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo