GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Pozoitutako karamelutxoa

Ondoeza eragiten du behar baino gehiago jateak. Esperientzia hori izan duen edonork, berriro janez bete-bete egindako mahaian esertzen denean, kontua izaten du berriz ere gerta ez dakion. Agian, jaten jarraitzeko ahalmena izanda ere, tentazioari eutsiko dio; izandako ondoezaren oroitzapenak berak lagunduko dio horretan.

Dituen edo izan ditzakeen ondorioak beraiek garrantzitsuak dira jarduera edo gauzak baloratu edo ulertzeko orduan. Zenbat biharamun ez ote ditugu saihestu, azken ajeak eragindako buruko minaren oihartzuna tarteko? Tentagarriak eta erakargarriak diren gozoak ere saihesgarri bilaka daitezke, baldin eta, uneko eztitasuna amaituta, kalte baino ez digutela egingo jabetuz gero.

Koloretako paper deigarrian bilduta dator Europako Parlamentutik azken «gozokia». Bozketa estuaren ostean, Europako Legebiltzarrean amatasun-bajaren gutxieneko iraupena 14 astetik 20ra luzatzea onartu zuten iragan astean. Proposamena behin betiko onartzeko, Europako Legebiltzarrak eta Europar Batasuneko 27 kideek ados jarri beharko dute oraindik.

Itxuraz, eztia dirudi neurriak, baina proposamenak izan ditzakeen ondorioei erreparatzea beharrezkoa da, baita oinarrian dituen ideia eta pentsamoldeei ere. Haurrek lehen aste eta hilabeteetan zaintza asko behar dutela ukaezina da, horiek nork eman behar dizkion erabakitzea da gakoa. Antza, agintariek hartua dute erabakia, egina dute apustua. Lehenik gainera, amatasun-bajaren iraupena handitzeak emakumeek lan munduan duten egoera kaltetu dezake, hori saihesteko ere ez baita neurririk hartzen. Bai, senarrak edo mutil lagunak ere har dezakeela aitatasun-baja esango du norbaitek; kontua da ez dutela egiten, ez behintzat derrigortuta eta emakumeek egiten duten neurrian. Estatu espainoleko Gobernuak aitatasun-baja 14 egunetik hilabetera luzatzeko asmoa zuen, baina, krisia tarteko, atzeratu egin du asmoa.

Agian, beharrezkoa da amatasun-baja handitzea; hartzen den neurri bakarra hori izatea da kaltegarria seguru asko. Gozoa dirudien arren, pozoitutako karamelua izan daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo