Fito Rodriguez EHUn irakasle
Frogaren indarra
Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak ez baitu balio judizialik baina, era berean, hori baino ez du egiten hemen poliziak euskaldunon kasuotan bederen
Torturak frogatzea zaila izaten da oso. Tortura frogatzea zailtzen duten polizia-arauak aldatzea, ordea, erraza izango zen baina, esan daiteke, polizia torturatzaileak babestea eta, behar denean, saritzea errazago egiten duela Gobernuak, demagun, atxilotze-inkomunikazioa ahalbidetzen duen protokoloa bertan behera uztea baino.
Hamar eguneko inkomunikazioa igaro ostean kartzelan sartu ninduten eta, pasatutakoa pasatuta, ezin esan gogor egin zitzaidanik. Giltzapeak giltzape, espetxea komisaldegia baino askoz eramangarriagoa izan zen.
Hala ere, zenbait egunen buruan, botaka hasi nintzen gauerdian iratzartzen nintzelarik. Ez nengoen eri, baina bai gaizki. Ez nekien zer pentsatu, ez eta zer edota zeini zer esan ere, gau bat bestearen atzean gonbitoka esnatzeak eraman ninduen inguruan nituen lagunei ene kasuaz galdetzera, ustean, hori ergelkeria!, nirea gauza arraroa izango zela eta, aldiz, hura harridura hura... lagun gehienei espetxerakoan antzerakoa gertatu zitzaiela adierazi zidaten.
«Komisaldegikoak ari haiz botatzen, diagnostikatu zuten eskarmentu kolektiboak eman ohi duen herri jakinduriaz, torturen garbiketak dituk, eta hobe kanporatzea barruan eramatea baino...» arrapostuz.
Esaterik dagoenak mugak ditu eta egoera bakoitzean botereak esan daitekeenaren ertzak markatu ohi dituenez, ikasi nuen hori niretzat bakarrik gorde nahi ez dudanez, banoa neronek ere torturari buruz zerbait botatzera, argi esatera, gizarte gorputzaren gaixotasun horren ondorioak arintzen lagunduko dudalakoan.
Hona hemen adierazteko dudana.
Gizarte modernoen oinarria izan zen Ilustrazio garaian justizia, mendekua izatearen partez, ikerketa bihurtu zen. Horrela, frogak hartu zuen aurretik aitortzak zuen garrantzia. Erdi Aroko Inkisizioak aitorpenak eskuratzeko erabilitako torturen ordez, ustez egindako kalteen araberako arrastoei kasu eginez erdiesten ziren frogek ematen zuten kulpantearen berri.
Ez zen, beraz, inork bere buruaren aurka deklaraziorik egin zezan onartzen erruduntasuna frogetatik zetorrelako ezaguera berria aldarrikatzen zuen gizarte demokratikoan. Argien mendean, jakina, argibideak izan ziren azterketen ezaugarri nagusia, baita polizia zereginetan ere...
Aipatu gizarte aldaketan justizia botere eragiletik nahiz legegiletik bereizi zen eta polizia bera, funtsean, bere menpean hartu zuen. Gobernu demokratikoak ardatz hauetatik garatzen hasi ziren.
Hau da, argi esanda, torturaren erabileraren bazterketa ez dator, berez, kondena moral edo etiko batetik, gizarte eraldaketa oso batek eraginda dela baizik.
Torturaren partez, beraz, froga lortu beharra zegoen, baina, tortura, berriz, nekez froga daitekeenez... demokrazian ote gauden zalantzazkoa izango da beti benetan torturarik ez dagoela frogatzerik ez dagoen bitartean.
Komunikagaitza denaz aritzeko balio du, besteak beste, literatura. Adibidez, kontraesan honetara gerturatu zen Ariel Dorfman idazlea bere «Herioa eta Dontzeila» antzezlanaren bidez. Hartan, protagonistak ez daki seguru bere torturatzailearen aurrean ote dagoen, atxiloturik egon zen denboraldia begiak itxita pasa zuelako baina, halere, arrastoak baditu, eduki, eta hori saiatuko da argitzen...
Tortura kasu horren deskribapenean, ordea, gainerakoetan bezala bestalde, ez da torturatzailearen errua soilik azalduko, torturak berak ezkutatu egiten dituen funtsezko gizarte ezaugarriak agerian utziko dituela baizik (jarrera sexistak, memoria kolektiboarekiko mespretxua, inpunitatea...) benetan dagoen egoera politikoa nabarmenduz (konplizitatea, ustelkeriak...).
Zergatik ez dute onartzen, bada, torturaren aipamena oraingo eta hemengo hedabideetan? Tortura ematen den tokian gizarte demokratikorik ez dagoela begi bistan uzten duelako, noski.
Eta ez hori bakarrik, itaunketa polizialetan torturarik badagoen frogatzea zaila izan arren (Rubalcabak ongi dakienez...) torturaren erabilera sistematikoak benetan polizia ikerketarik ez dagoela frogatzen duelako.
Norberak bere buruaren kontra deklaratzea besterik bilatzen ez duen aitortzak ez baitu balio judizialik baina, era berean, hori baino ez du egiten hemen poliziak euskaldunon kasuotan bederen.
Eta frogarik ezean, gizartea ez dela demokratikoa frogatuta geratzen denez, hobe barruan uztea kanporatzea baino...
Larri daude. Gaixo gauzkate.