GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Pentsioduna eta emakumea berdin pobrea

Hego Euskal Herriko pentsiodunen erdia pobrezia egoeran bizi dela entzuten duten zenbaiti beharbada baieztapen puztua irudituko zaio; beste zenbaiti, egoera horren berri dutenei, ez zaie arraroa irudituko, eta pentsiodun gehienak ere ez dira harrituko, batez ere haietako askok beren larruan sufritzen dutelako. Nolanahi ere den, horixe diote Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodunen elkarteen datuek, eta, halaber, emakumeek jasaten dutela egoerarik larriena eta eurentzako gizarte zerbitzuak urriak eta garestiak direla. Elkarte horiek espainiar Gobernuak iragarritako pentsioen erreformaren kontra agertu ziren atzo, baina gogorarazi beharra dago erreforma horren aurretik ere, Toledoko Ituna delakoaren bidez, pentsio sisteman beste zenbait erreforma ere eginak dituztela, eta pentsiodunek bizi duten egoera kaskarra horien ondorio dela. Horregatik, guztiz zentzuzkoa da Euskal Herrian pentsioak bermatu ahal izateko tresnak eta politika fiskal justua eskatzea. Izan ere, Hego Euskal Herriko gobernuen politika fiskal eta sozialen onuradunak ez dira behartsuenak izan; aitzitik, horiek kaltetuenak izan dira.

Ongizate estatu bitxia da bizitza lanean eman dutenak pobrezian baztertzen dituena, oparoaldietan ahaztu eta krisiaren ondorio latzenekin zamatzen dituena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo