GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Biharamun lasaia

Juanfran: «Halako garaipen baten premia genuen denok»

Alacanteko erdilaria pozik da egindako partidarekin, baina gorritxoekin askoz hobeak egin dituela uste du.

p034_f01_777x777.jpg

GARA | IRUÑEA

Garaipenak beti dira albiste on, baina igandean Osasunak Malagaren aurka lortutakoa bezalakoak are hobeak izaten dira, giroa lasaitzeko, urduritasuna uxatzeko eta konfiantza berreskuratzeko balio izaten dutelako. Denboraldia hasi zenez geroztik, giro nahasi samarra izan da Iruñea aldean eta atzo Juanfranek onartu zuenez, bai zaleek bai jokalariek aste honetakoa bezalako garaipen baten premia zuten.

Erdilari gorritxoak onartu zuenez, bart gauean «denok egin dugu lo hobeto», baina argi ibili behar dute, igandean Santanderren galtzeak berriz ere jaitsiera postuen marra arriskutsu horretara hurreratuko bailituzke. «Oso pozik nago garaipenagatik, eta taldeak eta nik emandako errendimenduagatik. Partida biribila irten zitzaigun eta jendea bere taldeaz harro joan zen etxera. Gure zaleek, gure jendeak eta guk geuk halako garaipen baten premia genuen. Hemendik aurrerako helburua igandero horrelako partidak egitea izango da».

Arlo pertsonalean ere, erdipurdiko denboraldi baten ostean, berak ere asko eskertuko du igandekoa bezalako partida bikainak jokatzea. «Gola sartzea falta izan zitzaidan eta oso gertu egon nintzen aukera pare batean. Uste dut Iruñean egindako partidarik onenetako bat izan dela Malagaren aurkako hau, baina Osasunarekin askoz hobeak egin ditudala uste dut», azaldu zuen erdilariak.

Iraniarrak ere, gustura

Izenekin jarraituz, Juanfranen ustez, Masoud eta Nekounam taldekide iraniarrei ere bikain datozkie andaluziarren aurka egindako golak, zaleekin adiskidetzeko, udan izandako tirabiren ostean. «Honek konfiantza handia emango die. Hanka sartu zuten udan, behar baino beranduago etorrita, baina taldean asko maite ditugu biak. Osasunari asko eman diote eta errespetua merezi dute», azaldu zuen.

Garaipenaren giltzez galdetuta, markagailuan azkar aurreratu izana nabarmendu zuen. «Mallorcaren ostean taldeak hobera egin zuen, eta punturen bat gehiago ere merezi izan dugu. Gola horren azkar sartu izanak asko lasaitu gintuen eta oso gustura aritu ginen denok».

Pandiani, zalantza

Oraindik ez dago argi uruguaitarrak osteguneko Kopa partida jokatzerik izango duen; larunbatean izandako kolpearen ostean edema bat dauka eskuineko hankan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo