GARA > Idatzia > Ekonomia

Lau gasolindegitik batean erregaia falta dute oraindik Estatu frantziarrean

Polizia frantsesak erregaien hornitzea erraztu du azken orduotan, pentsioen erreformaren aurkako greba dela-eta langileek blokeatutako biltegi eta findegiak desblokeatzea lortu ondoren. Atzo erregaia falta zen oraindik gasolindegien %25ean.

GARA

Estatu frantziarreko gasolindegien %25 erregairik gabe zeuden oraindik atzo arratsaldean. Hornidura arazoak goizean larriagotu ziren eta hiru gasolindegitik batek ez zuen erregairik saltzeko. Arratsaldez baina, erregai biltegi guztietan blokeoa bertan behera geratu zen.

Erretreten sistemaren erreformaren aurka protesta egiteko jardun zuten langileek biltegiak blokeatzen. Poliziak biltegiak blokeatzen zituzten manifestarien aurka esku hartu ondoren, Estatu osoan dauden 200 erregai biltegien bideak irekita geratu ziren. Gainera, igandean, kamioilariek jai izan zutenez, horniketa eten egin zen, baina atzo erregaia eraman zuten berriz ere gasolindegietara. Hala ere, UFIPek azaldutakoaren arabera, hiru gasolina findegitan oraindik ere kamioak sartzea galarazi zuten. Greba egunetan Estatuan dauden hamabi findegietan erabat gelditu zen jarduera.

Esso enpresak adierazi zuenez, Fos sur Mer herriko findegian -Marseilla inguruan- eta Gravenchonen -Nantesetik gertu- langileek lanuztea bertan behera uztea erabaki zuten. Hala ere, lehenengoan Poliziak apurtu zuen blokeoa eta hala egin zuen Marseillako portuan eta Saint Pierre de Corps Valence eta Porte les Valenceko biltegietan ere. Bestalde, kontsumoa %30 igo da urriko lehenengo hamar egunetan erregaia agortuko ote zen beldurrak eraginda, UFIPek azaldu zuenez. Christine Lagarde Ekonomia ministroaren ustez, greba egun bakoitzeko -orain arte zortzi egin dituzte eta ostegunean beste bat egingo dute- 200 eta 400 milioi euro artean galdu dira.

Atzo tren zerbitzuetan eutsi zioten grebari. SNCFk emandako datuen arabera, abiadura handiko trenen %80, eskualdeartekoen %66, aldirikoen 70% eta gauekoen %60 ibili zen.

HELEGITEA

Konstituzio Kontseiluan erretreten sistemaren erreformaren aurka helegitea jartzeko prest dago Alderdi Sozialista. Erreformak asteazkenean bukatuko du Parlamentuko tramitea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo