Berezkoak
Intxauspek eta Zaldunbeherek azken txanpan irabazi dute Donibane Garazin
Jon LEUNDA
Intxauspek eta Zaldubeherek irabazi zuten atzo Donibane Garaziko Torneoko finala, azken partidan 50 eta 46 hartu baitzituzten mendean Monce eta Ducassou II.a.
Aldaketa ugari egin behar izan dituzte antolatzaileek, pilotariek min hartu baitiete. Atzoko finalean ere Zaldubeherek Lanbert ordezkatu zuen, eta Moncek, berriz, Bielle. Hala ere, norgehiagoka oso polita izan zen, eta Garat trinketean batutakoak gustura etxeratu ziren.
Txapelketa berezia da hau. Lehengo erara jokatzen da, 50 kintzera, eta horrek berak zale asko erakartzen ditu. Atzo bertan, astelehen arratsaldea izanda ere, ia bete egin ziren Garat trinketeko harmailak.
Partida bera oso dotorea izan zen. Lau gazte ziren finalean, eta etorkizuna badutela erakutsi zuten. Horietako batzuek, gainera, oraintxe egingo dute estreinaldia profesionaletan.
Lehen kintzeetako orekaren ostean, Monce eta Ducassou aitzinetik joan ziren 46. kintzera bitarte. Hor, ostera, berdindu egin zuten Intxauspek eta Zaldunbeherek, baita pasatu ere, zuzenean joan baitziren amaieraraino. Intxauspek 18 kintze egin zituen saketik, eta Moncek, berriz, 11.
Bestalde, abian da dagoeneko Baigorriko Torneoa ere eta final-laurdenetan, Ibarrolak eta Lanbertek 40 eta 35 hartu dituzte mendean Alfaro eta Ezkurra. Biellek eta Harizmendik, berriz, 40 eta 37 irabazi zieten Agirre eta Ozafraini. Robert Uriarte bizkaitarrak ostegunean berezkoekin jokatzeko parada izango du.