GARA > Idatzia > Kultura

«Autokarabana» eta «Vacilación» liburuek jaso dute Euskadi Saria

Fermin Etxegoien oñatiarraren «Autokarabana» nobela eta Jose Fernandez de la Sota bilbotarraren «Vacilación» poesia liburua izan dira XIV. Euskadi Literatura Sarien irabazleak, euskarazko eta gaztelaniazko sailean, hurrenez hurren. Epaimahaikideen esanetan, euskaldunon kronika egiten du Etxegoienek, «geure gabezia eta korapiloekin». Fernandez de la Sotak, berriz, Kafkarekin elkarrizketa proposatzen du. Gaur emango dute gainerako modalitateetako sarien berri.

p039_f01_97x224.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Pozez hartu dute bi idazleek sariaren berri. Atzo eman zituen jakitera Blanca Urgell Kultura sailburuak euskarazko eta gaztelaniazko Euskadi Literatura Sariak, Fermin Etxegoien (Oñati, 1966) eta Jose Fernandez de la Sota (Bilbo, 1960) alboan zituela. «Autokarabana» (Pamiela) eta «Vacilación» (Bassarai) izan dira 14. edizioko aukeratuak. Bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu eta beste 4.000 euro lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

«Txunditu samar» zegoela aitortu zion Etxegoien kazetari, gidoigile eta idazleak GARAri. Bere lehenengo nobela da hau -«Neurona, zeurona» (Pamiela, 2003) saiakera izan zen bere lehen liburua- eta apirilean euskarazko narratiba lanik onenaren Kritika Saria jaso zuen. «Idazten duzunean ez duzu imajinatzen halako ibilbidea egingo duenik, parte batean behintzat. Gero, halako parte txiki batean, seguruenik idazten duen pertsona bakoitzak egingo du bere buruan `Esne saltzailearen ipuina', esanez, `agian gertatuko da...'. Nire asmoa ez zen hori, nire asmoa argitaratzea zen eta hortik aurrera norbaitek irakurtzea, norbaitek kritikaren bat egitea... baina pausoz pauso gertatu dira gauzak. Gertatu denean ere, esan dezaket, inguruan banituela nahikoa datu pentsatzeko banengoela faboritoen artean». Emaztearengandik banandu eta herri bateko kooperatiban lan egiten du liburuko protagonistak eta eguneroko bizipenak, esperientziak eta arazoak kontatzen ditu lehen pertsonan.

Euskarazko epaimahaia Felipe Juaristik, Pello Otxotekok, Lourdes Otaegik, Javier Rojok eta Arantza Urretabizkaiak osatu dute. Liburuak «eite konpaktoa eta sendoa», duela nabarmendu zuten, «gure sasoiko bizitzaren kronika orohartzailea eta oso gurea egiten du, euskaldunona, geure gabezia eta korapiloekin». Ezeri ukorik egiten ez dion garaiko gizakiaren isla dela ere esan zuten, «horregatik autokarabanaren metafora, etxea eta askatasunaren aldiberekotasunaren sinbolo. Hortik liburuan agertzen den etengabeko bikoiztasuna».

Liburuaren hirugarren edizioa laster argitaratuko da, eta dagoeneko Etxegoien bera gaztelaniazko itzulpenean lanean ari da, nahiz eta aitortzen duen lan «konplikatua» izango dela, batez ere, kontakizunean dauden hitz-joko mordoarengatik. «Batzuek esaten dute, hizkuntzan oinarrituta dagoenez, erdaraz nekez pasako dela. Baina, aldi berean, zergatik ez kontrako ikuspegia izan? Agian izan liteke zubi bat euskal kontuei buruz ez dakienarentzat sarbide bat izan dezan, erakartzeko modukoa».

Polemikoa

Zeresan handia eman du Etxegoienen lehen nobela honek. Berriki, Interneteko Boligrafo Gorria izeneko blogean, esaterako. «Polemika piztu da mezu bat agertu zelako blog batean eta ez zitzaidan gustatu mezuaren estiloa. Nik ulertzen dut, noski, nobela ez gustatzea. Baina hori dela-eta animatu nintzen erantzutera. Hain zuzen ere, azken hamabi hilabete hauetan jaso ditudalako nobelaren aldeko mezu asko eta asko. Mezua idatzi zuen pertsona horrek ezagutzen dituen pertsonen aldetik, hain zuzen. Eta hori komentatu nahi nion».

Hala ere, kontrako gehiago espero zituela esan zuen Etxegoienek, «eta bortitzago, egia esan. Badakit betidanik egon direla nobela gustuko ez zutenak eta, esango nuke, kortesiaz eta edukazioz ez dutela ezer esan publikoki. Beraz, ez dut uste polemika handirik izan denik».

Sari hauen aurka hainbat idazlek sinatutako «Utikan Euskadi Sariak» manifestuaren harira, honela mintzatu zen: «Nik ez ditut bizi izan manifestua sinatu zutenek seguruenik bizi izan dituzten agrabio konparatibo horiek», esan zuen. «Ez dut pentsatzen oinarririk ez dutenik, baina era berean, nik idatzi dudan honekiko ez neukan inongo kontzientzia arazorik bide instituzionalean jartzeko. Beraz, alde batetik ulertzen dut hori sortzen dela desatsegina den sentipen batetik, era berean ez da nire esperientzia propioa eta ezin dut jakin zenbateraino den horrela, badirelako horren inguruan mezu gurutzatu asko».

Argi du saria jasotzera joango dela: «Iruditzen zait, kortesia hitza berriro erabilita, hori egin behar dudala. Azken batean, diru publikotik jasoko dudalako dirutza polit bat eta iruditzen zait nire betebeharra dela hor egotea».

Modalitate honetako gainerako finalistak honakoak izan dira: Yolanda Arrietaren «Off-on», Juan Kruz Igerabideren «Aienatze-marra», Karmele Jaioren «Musika airean» eta Josu Penadesen «Jantzi beltz bi».

Hamabi urteren ostean, berriro

1998an jaso zuen Jose Fernandez de la Sotak Euskadi Saria lehenengo aldiz. «Todos los santos» (Hiperion) poesia liburuagatik izan zen orduan eta horrelaxe izan da aurtengoan ere, «Vacilación» (Bassarai) lanarekin. «Poz eta sorpresa handia izan da, ez nuen espero. Normalean poesia liburuek ez dute aukera handirik izaten narratibaz gainezka dauden sarietan», esan zuen. «Hamabi urte pasa behar izan dira poesia lan bat sari hauetan gailentzeko, orain arte nobelak izan dira».

Fernandez de la Sota kazetaria, kontalaria eta poeta da eta prentsan eta irratian lan egin du. «Los pliegos del norte» poesia bilduma zuzendu du, baita hainbat kultura aldizkari ere. Hamar poesia liburu argitaratu ditu, horien artean, «Te tomo la palabra», «Material de construcción» eta «Travesía de Bilbao». Narratiban, berriz, «Informe Goliat» eleberria eta «Elefantes blancos» eta «Negrita con diamantes» kontakizun liburuak idatzi ditu.

«Vacilación», egileak berak azaldu zuenez, Franz Kafkari eskainitako gorazarre poetikoa da. «Berrirakurketa batetik sortu da liburua, izan ere, inoiz ez diot Kafka bisitatzeari utzi. Bere egunerokoak irakurriz, poesiaren bitartez, elkarrizketa bat hastea bururatu zitzaidan», azaldu zuen.

Gaztelaniazko lanen epaimahaia Luisa Etxenikek, Maria Jose Martinezek, Guillermo Uribek, Enrique Gutierrezek eta Elena Sierrak osatu dute. Liburuari nabarmendu dizkioten merituen artean «gaiaren zailtasuna» dago. «Tradizio literario adierazgarrienarekiko hartu-emana. Formari begira, bikaina. Egitura originala; poema bakoitzak hurrengorako leiho bat irekitzen du, ez izatearen irrika eta zalantzaren irudikapen harmoniatsua eta sakona sortuz. Gaur egungo izatearekin bat datorren lana», ebatzi zuten.

Liburuan bilbotarraren poemak Kafkaren testuekin tartekatzen dira. «Modu honetara, poesia liburu arrunt baten moduan irakur daiteke, baina baita Kafkaren biografia eten eta fragmentatu moduan ere. Izan ere, umea zeneko garaiaz hitz egiten dut, gaztetan Pragan dagoenekoaz, heldutasunean, izan nahi ez zuen funtzionarioaz, bere desagerpenaz... Urrunago ere joaten naiz eta ondorenaz hitz egiten dut, Kafka hil zenean hil izan ez balitz gertatuko zenaren inguruko aukera edo intuizio bat proposatzen dut: Kafkaren obran nazien holokaustoa aurreikusita zegoela. Bere arrebak Auschwitzen hil zituzten eta, bere testuak irakurrita, nolabait iragartzen zuela sentitu nuen».

Liburua irakurrita Kafka hobeto ezagutzeko parada izango dugula azaldu zuen Fernandez de la Sotak, baita idazlea bera ere. «Elkarrizketa moduan ulertzen dut poesia. Uste dut, liburu bat irakurtzen dugunean, idazten ere ari garela, zerbait berria sortzen dugu, eta horixe da `Vacilacion' liburuak proposatzen duena».

Epaimahaikideen esanetan, «muga harrigarri honetan, non ez baitakigu zer den irakurtzen dena eta zer idazten dena (poeta Franz Kafkaren min arrastoez, zalantzez galdezka ari bada), irakurleak heriotzaren ikuspegia aztertzen diharduen Kafka antzematen du, Jose Fernandez de la Sotak azken liburuetan egiten diharduen bezala».

Autorearen iritziz, liburua alemanera edo frantsesera itzulita oso ongi egokituko litzateke, «erretorika gutxiagoko poetikak direlako eta nire liburua, biluziagoa eta kontzeptualagoa izaki, ongi moldatuko litzateke. Nire idazkeran asko zaintzen ditut bai edukia bai forma eta, gehiagora jo beharrean, biluztasunera egin dut azken lanetan».

Poesia eta narratiba liburu banatan lanean ari da dagoeneko Fernandez de la Sota eta «Capital cultura» deituriko telebistarako programa berri bat prestatzen ere ari da, laster ETBn ikusi ahal izango dena.

Gaztelaniazko modalitatean finalistak izan ziren Karmelo Caballeroren «Atravesando la noche», Aixa de la Cruzen «De música ligera», Itziar Minguezen «Cara o cruz» eta Ramiro Pinillaren «Sólo un muerto más» ere.

ITZULPENA

Liburuaren hirugarren edizioa laster kaleratuko da eta Etxegoien bera ari da gaztelaniazko itzulpena prestatzen. «Agian izan liteke zubi bat euskal kontuei buruz ez dakienarentzat sarbide bat izan dezan», esan zuen.

«UTIKAN»

Euskadi Sarien aurka azaldu izan dira idazle asko. Etxegoienen esanetan, «alde batetik, ulertzen dut hori sortzen dela desatsegina den sentipen batetik; era berean, ez da nire esperientzia propioa eta ezin dut jakin zenbateraino den horrela, badirelako horren inguruan mezu gurutzatu asko».

BITAN SARITUA

Bigarren aldiz eskuratu du Jose Fernandez de la Sotak Euskadi Saria eta bietan poesia liburuekin. Lehenengoa 1998an jaso zuen, «Todos los santos» lanarekin.

KAFKA ETA NAZIAK

Kafka hil zenean hil izan ez balitz gertatuko zenaren inguruko intuizio bat proposatzen du Fernandez de la Sotak. Bere obran nazien holokaustoa aurreikusita zegoela proposatzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo