Ariane Kamio Kazetaria
Tinta gorriz idatziriko egunak
Gaurko egun batez, 1492ko urriaren 27an, Kristobal Kolonek Kuba irla «deskubritu» zuen, bertako biztanle historikoen (tainoak, guanajatabayak eta siboneyak) oinarrizko eskubideen gainetik sortutako inperioaren garapenari hasiera emanda. Espainolen agintea 1898. urtera arte luzatu zen, Parisko Ituna izenpetu zen arte, hain zuzen. Lau mende horietan hainbat hiriburu sortu zituzten indar zapaltzaileek Kuban, hala nola Santiago (1514) eta Habana (1515).
Bertako jatorrizko biztanleak izan ziren, ordea, urte luzez askorentzat garaikur bilakatu zen hark sortutako hondamendiaren zigortu nagusiak; esklabotzak eta Europatik ekarritako gaixotasunek komunitate horien erabateko desagerpena ekarri zuten. Eskulanaren beharrak jota, esklabo afrikarrak erabiltzen hasi ziren, batez ere tabako, kafe eta azukre kanabera landaketak ustiatzeko.
406 urte behar izan zituen Kubak espainolen agintaldiari amaiera emateko, nahiz eta ondoren urte batzuk gehiago igaro behar izan ziren, estatubatuarren indarpean Fulgencio Batistak 1952an estatu-kolpea eman zuen arte. Handik lau urtera abiatu zen gaur egun oraindik bizirik dagoen Fidel Castroren iraultza.
Kasik bostehun urte hasierako benetako kubatarren eskubideei uko eginda, kafe, azukre eta tabako ustiaketaren jabetza kanpotarren eskuetan izanda eta nortasun baten jabe izateko aukerei bizkar emanda. Kasik bostehun urte izan nahi eta ezinari lotuta.
Urriaren 25a, Gernikako Estatutuaren Eguna. Hobe data hori gogoraraztea eta ez Nafarroako Erresumako garaietaraino bidaia historiko bat egitea, badaezpada, data gogoangarri berririk ezagutaraz ez dadin behintzat. Ez dut uste, aitzitik, aurrerantzean efemerideei begira aritzea zilegi izango denik, historiak berak kapitulu asko izan baititzake oraindik idazteke, batez ere Euskal Herriaren historian, orain arte behin eta berriz errepikatu dena. Agian zuriz jantzitako orrialde batean tinta gorriz idatzi beharko da independentziaren eguna. Nork daki, baina Kuba lekuko izan dadila behintzat.