Borrokaldian dira Murtziako eta Meaux-eko euskal preso politikoak
GARA | GASTEIZ
Borrokaldiak izaten ari dira Murtziako espetxean eta Châteauroux eta Meaux-koetan. Presondegi espainolean bakartze politikoa erabiltzeari uzteko eta hango zikinkeria egoera konpontzeko eskatzen dute euskal presoek. Era berean, Estatu frantseseko kartzeletan dituzten preso politikoek ere janariari uko egiten jarraitzen dute, aitatasun eskubidea aldarrikatuz.
Murtzian espetxeratuak dituzten euskal preso politikoek gose greba mugagabea abiatu dutela jakinarazi du amnistiaren aldeko mugimenduak ohar baten bidez. Espetxe horretako zuzendariak ezarri dien bakartze egoerari amaiera emateko helburuarekin borrokaldia hasi dute bertan preso dauden zazpi euskaldunek.
Oharrean azaldu dutenez, Murtziako presondegian dauden euskal presoak batera egotea aldarrikatzen dute, eta presondegi horretako euskal preso politikoak gehiago ez daitezela bakarrik egon.
Horrez gain, amnistiaren aldeko mugimenduak aditzera eman duenez, «dutxa eta komunetan dagoen zikinkeria, sukalde eta jantokietan dagoen arratoien izurritea» amaitzeko neurriak ere eskatzen dituzte. Oro har, Estatu espainoleko espetxe horretan pairatzen ari diren bizi baldintzak jasangaitzak aldatzeko premia aldarrikatu nahi dute hasi duten gose greba mugagabearekin.
Aitatasun eskubidea
Estatu frantsesean aldiz, Meaux-ko espetxean gose greban dauden euskal presoekiko elkartasunez, Châteauroux-ko presondegian dauden Eñaut Aramendi eta Mattin Olzomendi ere kartzelako janariari uko egiten hasi dira.
Iker Beristainek urriaren 14an hasi zuen gose greba, Laurence Le Vert epaileak bere alaba jaio berriari bisita baimena errefusatu ziolarik, eta hori ikusita, Meaux-ko gainerako euskal presoek -Iñaki Arietaleaniz, Beñat Aginagalde eta Alex Uriarte- bat egin zuten berarekin. Beristainek ofizialki bere alabatzat onartu duen arren, epaileak ukatu egin dio alaba ikustea, Estatu frantseseko espetxeetan sexu-harremanak debekatuta daudela argudiatuta.