Akordioa
Euskadi Fundazioak harremanak estutuko ditu Ipar Euskal Herriko elkarteekin
GARA | DERIO
Azken bi denboraldietan Romain Sicard lapurtarrak Orbean nahiz Euskaltel Euskadin lortutako emaitza bikainek Euskadi Fundazioa Ipar Euskal Herrira begira jarri dutela dirudi. Alde batetik, Pierre Cazaux profesionala fitxatu du Euskaltelek datorren denboraldirako. Bestetik, atzo Derion egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez, hemendik aurrera askoz harreman estuagoa izan nahi du Fundazioak Iparraldeko txirrindulari elkarteekin.
Aviron Bayonnais eta Mauleko Txirrindularitza Elkartearekin indartuko du bereziki harremana, eta Fundazioak talde horietan dabiltzan txirrindulari gazteei laguntza eskainiko die txirrindularitzan ahalik eta ibilbide oparoena izan dezaten. Bide horretan, aurreneko erabakia Ipar Euskal Herriko hiru txirrindulariri datorren urtean Naturgas talde afizionatuarekin lehiatzeko aukera ematea da. Hautatuak 18 urteko hiru gazte izan dira -Loic Chetout, Karl Baudron eta Damien Garcia-, baina beste hainbat kirolariren jarraipena ere egingo dute.
Euskadi Fundazioaren presidente Miguel Madariagak azaldu zuenez, aspalditik zuen buruan urrats hau: «Iparraldeko gazteen egoera ez da oso ona. Amateur mailara igotzea zaila da, eta maila horretan ez itotzea, zailagoa. Nire esku dagoena egingo dudala zin egin diot neure buruari. Fundazioaren kide izan nahi duten gazteak topatu ditut: leialak, zintzoak eta ausartak. Beren kirol maila oso ona izanda, gehien gustatu zaidana duten gosea izan da».
ProTour taldeak. Euskaltelek ProTour taldeen zerrenda noiz argitaratuko zain jarraitzen du. Erabakia astelehenean ezagutuko dute, baina baikor daude.
Amets Txurruka. Bizkaitarrak Taiwanen irabazitako diru- saria eta bertan erabilitako Orbea bizikleta «Megi» tifoiak utzitako biktimei oparitu die.
Pietro Caucchioli. Italiarrak pasaporte biologikoa Kirola Arbitratzeko Auzitegiaren aurrean salatuko du. Lehen aldia izango da.