Langileen eskubideak, borrokaz errespetaraziak
Bederatzi hilabeteren ondoren, ELA eta LAB sindikatuek eta Adegi enpresaburuen elkarteak Gipuzkoako metaleko itunaren aurreakordioa lortu zuten atzo. Bi urterako lan hitzarmena izango da bihar sinatuko dutena. Duela bederatzi hilabete Adegik hitzarmenaren «erabateko berritzea» proposatu zuen, sindikatuek probokazio gisa hartu zutena, «berritze» hark urteetako borrokaren bidez lortutako eskubideak galtzea baino ez baitzuen adierazten. Zalantzarik gabe, albiste ona da akordioa, 60.000 langilerengan eragina izango duten funtsezko kontuei eustea lortu baitute sindikatuek: datozen bi urteotarako KPI igoera eta egun indarrean dagoen lanaldia.
Lorpen hori, ordea, ez da iritsi bederatzi hilabetean haren zain eserita egon ondoren. Beti ere negoziatzeko prest, mobilizazio ugari egin behar izan dituzte sindikatuek eta langileek, besteak beste joan den asteko greba egunak, Adegiren jarrera hertsiaren aurrean presioa egiteko. Gogorarazi beharra dago azken greba egun horien aurretik patronala negoziazio mahaitik altxatu zela, sindikatuek, negoziazioa errazteko, bi greba egun bertan behera utzi bazituzten ere. Sindikatuen eta langileen borroka, beraz, erabakigarria izan da hitzarmen duina lortzeko. Negoziazio luze eta malkartsu honetatik irakaspen bat atera daiteke: langileen eskubideak langileek defenditzen dituztela ondoenik.