GARA > Idatzia > Ekonomia

Mobilizazio egun berri baten atarian, erretreta legearen aurkako ekintzak ugaritzen

Senatuak atzo erreformaren azken testua onartu bazuen ere, langileen mobilizazioak ez du etenik. Ipar Euskal Herrian ere ekintza ugari egin zituzten. Biharko lanuzte eta manifestazioak erabakigarriak izan daitezke.

A.M. | BAIONA

Ipar Euskal Herrian aspaldiko urteetan ezagutu ez den mobilizazio dinamika sortu da erretreta-sistemaren erreformaren karietara. Biharko, Estatu frantses osoan bezala, lanuzteak eta manifestazioak deitu dituzte langileen sindikatuek. Azken mobilizazio handia joan den astean egin zuten, baina gainerakoan ere protesta ekimenek ez dute etenik izan.

Hala, astelehenean Oldartu kolektiboko zenbait kidek, Baionako suprefeturan sartu, eta kanporatu zituzten arte barnean protesta egin zuten. Atzo, berriz, protesta ekimenak ugaritu egin ziren.

Goizean goiz, Biarritzeko aireportuaren sarrera blokeatu zuten 6.00etatik 7.00etara. Horren ondorioz, bidaiariek oinez hurbildu behar izan zuten bertara eta Pariserako hegaldia ordubeteko atzerapenarekin irten zen.

A-63 autobidean, berriz, berriro ere bi «barraskilo operazio» egin zituzten sindikatuek. Goizean Hendaiatik Baionarako noranzkoan 11 kilometroko auto-ilarak eragin zituzten eta arratsean, berriz, kontrako noranzkoan.

Sindikatu nagusiek deituta, eguerdian langile andana bildu zen Baionako Herriko Etxearen aitzinean piknik berezia egiteko. Jean Grenet auzapez eta diputatuak legeari aldeko boza eman izana salatzea zuten helburu. Ildo beretik, arratsaldean, Biarritzeko udaletxe aurrean askaria egin zuten Didier Borotra auzapez eta senatariari bere jarrera aurpegiratzeko.

Elkartasun kutxa

Ekimenen artean nabarmentzekoa da grebalariak sostengatzeko hazpandar batek abian jarritako bloga, langileen arteko lotura lana egiteko eta lanuzteek eragindako galerei aurre egitearren elkartasun-kutxa antolatzeko. Orain arte Estatu osotik egindako ekarpen partikularrei esker 30.000 euro bildu dira.

Atzo ere Senatuak ontzat eman zuen batzorde parekideak prestatutako legearen azken testua. Gaur gauza bera egingo du, seguru asko, Asanblea Nazionalak. Horrenbestez, bihar egingo diren mobilizazioen tamainak eragin handia izan dezake mugimenduaren jarraipenean.

Behin legea onartu ostean sindikatuek amore emango dutelakoan dago Gobernua. Alabaina, lege bat onartu arren legearen aplikazioa gauzatu gabe geratzen den lehen aldia ez litzateke izango. Lehen Lan Kontratuaren (CPE) egitasmoarekin hori gertatu zen 2006an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo