GARA > Idatzia > Kultura

Hego Amerikan barrena egindako «gogoeta txikiak» bildu ditu Jon Sarasuak «Ertzeko zatiak» lanean

Jon Sarasua bertsolaritzak egin zuen ezagun. Orain urte batzuk, ordea, beste hainbat lani ekin zion, horietako batzuk Hego Amerikan. Orain bidaia horietan idatzitako «gogoeta zipriztinak» argitaratu ditu.

p041_f02_148x107.jpg

Maddalen LARRINAGA | DONOSTIA

Jon Sarasua bertsolari aretxabaletarrak «Ertzeko zatiak» testu-bilduma argitaratu du «Argia» aldizkariaren eskutik. Bertan HUEZI unibertsitateko irakasle eta Lanki lankidetzaren ikertegiko (kooperatibismoarekin lotutako ikerketa enpresa) kide honek bost urtetan hego hemisferioan zehar egindako lan bidaietan bere lankideentzako idatzitako testu laburrak ageri dira, non bere «gogoeta zipriztinak» bildu dituen.

Sarasuak atzo liburua aurkezteko ekitaldian nabarmendu zuenez, ez dira «gogoetak» bere esanahi zurrunean. Liburuan agertzen diren testuak txikiak dira, ez baita inon bere kezken «mamirik» ageri. Izan ere, bidaia horietan tartea zuenean idatzitakoak dira, beraz, paragrafo bateko edo biko luzera duten kontakizunak dira. «Hondartzan biltzen diren egur zati, harri eta txirlekin konparatuko nituzke nik», zehaztu zuen egileak. Hala ere, denboraren menpeko izate hori dela-eta, hainbat esperientzia bildumatik kanpo utzi behar izan ditu, ez baitzuen horiek idazteko astirik izan.

Bidaia horietan Brasilen eta beste herrialde batzuetan bizitakoak kontatzen ditu bertsolariak. Elkarlanaren inguruan Lurrik Gabekoen Mugimendukoekin, bertako indigenekin eta bidean egindako lagunekin bizitako esperientzietatik sortutako ideia eta pentsamenduak dira liburu honen funtsa.

Gainera, testuak idatzi ziren moduan argitaratu dira eta batzuk «nahiko pertsonalak» dira; «bere intimitatea sarritan ageri da», adierazi zuen «Argia»ko zuzendari Xabier Letonak.

Duela hamar urte idatziak

Hamar bat urte igaro dira testu horiek idatzi zituenetik. Pentsamenduak paperera eramate hori nahi gabe hasi zela esan daiteke, lankideentzako idatziak baitziren hasiera batean. Izan ere, lan bidaia edo lan-utzialdi antzeko baten ondorioz izan baitzen Hego Amerikako hainbat herrialdetan, eta hango bizipenak lankideei helarazteko egin zuen koadernotxoa.

Gero, hurbileko lagunei erakutsi zizkien testuak eta, azkenik, «Argia»ko «Larrun» agerkarian plazaratu zituen batzuk. Hala, aldizkariak monografiko bat egitea proposatu zion eta lagun eta ezagunen gomendioak entzun ondoren, koadernoa jaso eta idatziak errepasatu ondoren, «minigogoeta» horiek inoren interesekoak izan litezkeela pentsatu ondoren aurrera egitea erabaki zuen.

MAITASUNA

Brasil, Ekuador eta Bolivian izan da hego hemisferiora egindako bidaietan. Horien artean, Sarasuak aitortu zuenez, Brasilek maitemindu egin du.

POBREZIA

«Ertzeko zatiak» ausaz idatzitako testuen bilduma da eta, bertan, Brasilgo bizitzaren eta bertako pobreziaren inguruan gogoeta txikiak egiten ditu Aretxabaletako bertsolari eta kazetariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo