GARA > Idatzia > Kultura

Haur literaturaren Euskadi saria, Patxi Zubizarretarentzat hirugarrenez

Euskadi Literatura sarietan atzo jakinarazi zituzten ezagutzeko falta ziren sei modalitateetako irabazleak. Patxi Zubizarretaren «Xia Tenzinen bidaia miresgarria» izan da euskarazko haur eta gazte literaturan saritua eta gaztelaniazkoa eman gabe gelditu da. Saiakeran, Joxe Azurmendi eta Miguel Sanchez-Ostiz aukeratu dituzte eta euskarazko itzulpenean, Jesus Mari Mendizabalen «Eguzki kolpea». Ilustrazioarena, Jokin Mitxelenarentzat izan da.

p039_f01_148x92.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

«Umeek galderak egiten dizkigute eta askotan, idazleok ere, ez dakigu zer erantzun. Carmen Martin Gaitek esaten zuen, horrelakoetan onena ipuin bat kontatzea dela. Baina garrantzitsuena, errealitatea ez ezkutatzea da», esan zuen atzo Patxi Zubizarretak. Berak eskuratu du euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi saria, hirugarren aldiz, «Xia Tenzinen bidaia miresgarria» (Ibaizabal) liburuarekin. 1998an eskuratu zuen «Gizon izandako mutila» liburuarekin eta, bigarrenez, 2006an, «Pantaleon badoa»-rekin, Pamielan argitaratuak biak.

Herenegun jakin genuen zeintzuk ziren euskarazko eta gaztelaniazko literaturan Euskadi sarien garaileak -Fermin Etxegoienen «Autokarabana» eta Jose Fernandez de la Sotaren «Vacilación»- eta atzo aurkeztu zituzten gainerako sei kategoriak. Izan ere, XIV. edizio honetan, hiru modalitate berri batu dira: euskarazko eta gaztelerazko saiakera eta gaztelerazko haur eta gazte literatura. Sari banaketa azaroaren 16an izango da Donostiako Kursaalen. Sarituek 18.000 euro jasoko dituzte, 4.000 gehiago (modalitatearen arabera) lan hori beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Txinatik bidaia

Itsasoa ikusteko itxaropenez, Txina zeharkatuko duen erraldoi baten istorioa kontatzen du Zubizarretaren liburuak. «Ipuina bidaia iniziatiko baten kontakizuna da, Xia Tenzin ez da pertsona bera izango bidaia hasi baino lehen edo bere bueltan. Erraldoia handia izanagatik handiago bueltatuko da etxera eta ez bakarrik tamainan: helduago, jakintsuago, indartsuago... bilakatuko da», esan zuen epaimahaiak. «Bidaian zehar irakurleak alaitasuna, adiskidetasuna, esperantza, unibertsaltasuna, une tristeak... biziko dituela erraldoiarekin batera, eta bere irakurketarekin haurra ere handituko dela, erraldoituko dela apur bat bederen».

Patxi Zubizarreta Ordizian jaio zen 1964an eta bere lanen artean dira «Usoa», «Pantaleon badoa», «Eztia eta ozpina», «Gizon izandako mutila» edo «Jeans-ak hozkailuan».

Haur eta gazte literaturan baina gaztelaniazko modalitatean, saria eman gabe gelditu da. Rafael Arenas epaimahaiburuak azaldu zuenez, «aurkeztutako lan batek ere ez baitu gutxieneko kalitate mailarik. (...) Aurkeztutako lanek, ez dute halako sari bat jasotzeko moduko kalitate literariorik. Gainera, kontuan hartu behar da hau dela gaztelaniazko haur eta gazte literatura modalitatearen lehenengo edizioa eta, beraz, saria jasoz gero, lana modalitate honetako erreferentziatzat hartuko litzateke».

«Lan asko»

Horacio Quiroga uruguaitarraren «Eguzki kolpea» (Alberdania & Elkar) itzulpenagatik jaso du Jesus Mari Mendizabalek saria. Epaimahaikideen ustez, «jatorrizkoaren hizkera bizia euskarazko hizkera biziaz ongi ordezkatu du, gaztelaniazko hiztegi oparoa euskaraz ere oparo emanez, eta Quirogaren idazkera gihartsua ongi gordez. Aipagarriak dira, halaber, itzultzaileak hizkuntzari indarra, bizitasuna eta adierazkortasuna emateko erakutsi dituen baliabideak, haiei esker lanak sortzez euskaraz idatzia ematen baitu».

Mendizabalek orain uzta garaian ari diren txakolingileekin alderatu zuen bere lana. «Beti esan izan didate txakolina garesti dagoela esaten dietela baina inork ez dakiela zenbat aldiz pasatzen diren mahatsondo bakoitzaren albotik. Mahatsondo hori da nire obrako parrafo, esaldi eta hitz bakoitza. Inork ez daki, ezta neuk ere, zenbat aldiz pasatu naizen. Ez dakit lan handia egin dudan, lan asko egin dut behintzat».

Ormaiztegin jaio zen Mendizabal 1949an, Bizargorri ezizenez ezaguna. Idazle modura «Zelina», «Ilargia lekuko» eta beste hainbat ditu kaleratuta. Itzultzaile bezala, Maupassanten «Roque txikia» edo Luis Sepulvedaren «Kaio baten historia». Quirogaren «Eguzki kolpeak», hamazazpi ipuin biltzen ditu, Mendizabalen esanetan «denak ere tragiko samarrak».

Literatura lanen ilustrazioen modalitatean, Jokin Mitxelenarentzat (Donostia, 1962) izan da saria. Pello Añorgak idatzitako «Ipuin-kontalariaren lapikoa» ilustratu du Mitxelenak eta «lan honetan, testuaren eta alde grafikoaren aratean ezarri den paralelismoa eta marrazkien adierazkortasuna» izan dira, besteak beste, aitortu dizkioten merituak. Liburu honetan, sagutxoen marrazkiak dira nagusi.

Saiakeran, berriz, Joxe Azurmendiren «Azken egunak Gandiagarekin» izan da euskarazko onena. «Bizitza oso bat biluztu egiten da, oso ikuspegi pertsonala ematen da», epaiaren ustez. Zegamarrak atzo azaldu zuenez, Gandiaga poeta gaixotu eta hiltzeko zegoenean, berarekin egindako egonaldietatik ateratako idatziak topatuko ditugu liburuan, hiru mailatan. Batetik, «Gandiagaren berrirakurketa, hiltzera doala dakigunean». Bigarren maila batean, Euskal Herriak erlijioso izateari utzi dionaren gogoeta kritiko bat dago. Azkenik, herri bat izateak zer esan nahi duen eta XIX. mendean literatura espainiarrean gai horretaz zer ulertu den hausnartzen du.

Azkenik, gaztelaniazko saiakera onenaren saria, Miguel Sanchez-Ostizentzat izan da, «Sin tiempo que perder» (Alberdania) lanarengatik. «Saritu den liburu motagatik poztu naiz bereziki», esan zuen atzo. «Egunerokotasunak sortzen dizkidan sentsazioak biltzen ditu». Urtebetean egindako hiru bidaiaz hitz egiten du: Errumania, Txile eta Bolivia, eta Edinburgo. Autorearen esanetan, identitate arazo larriak topatu ditu hiru lekuetan, emigrazioak eta jasandako diktadurak sortuak, besteak beste. Hala ere, liburua oso «bitalista» dela esan zuen, «listoia ez jaistera» lagundu diona.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo