Gari Mujika Kazetaria
Gazteria
Zientoka dira gazteriaren gainean egiten diren azterketa eta ikerketa soziologikoak, baina gutxi eurei ahotsa eman eta aintzat hartzen dituztenak. Are gutxiago sustatzailea instituzioren bat denean. Baliabide gisa, ordea, beti dira baliagarri, bai hauteskundeak ate-joka dabiltzanean bai zerbaiten ardura norbaiti egotzi beharrean direnean.
Eta hori nonahi errepikatzen da. Mexikoko Ciudad Juarez -jasaten duen feminizidioak egin du, zoritxarrez, ezagun- eta Euskal Herria alderatuz ere, erroko ezberdintasun sozialak izan arren, badira antzekotasunak.
MC Crimen izeneko hip hop talde mexikarra entzun nuen lehenengoz aurreko batean, eta euren aldarrikapenek eta euskal herritarrek egin ditzaketenek, sakonean, ez dirudite oso ezberdinak, nahiz eta errealitate ekonomiko eta sozialean antzekotasunik kasik ez ikusi. Gazte mexikarrak esan beharrik ez dago txirotasunak jota bizi diren sektore zabala direla, eta gurean ez naiz gorrituko aberatsak garela esaten dudanean. Baina bi herrialdeotako gazteak, talaia politiko eta mediatikotik zein moralaren eta etikaren kartzeleroen eskutik, gupidarik gabe gutxiesten, kolpatzen eta bideratzen dituzte, eurek ezarritako mugen landa gaindi ez dezaten. Eta horretarako biktima izaera ostu eta biktimario bilakatzen dituzte; alegia, horien borrero bailiran.
Eta egungo sistema honek zerbait badu, asimilatzeko, eskuratzeko edo jabetzeko duen gaitasun mugagabea da. Adibidez, graffitiak gazte batzuen egonezina adierazteko bitarteko baziren, gaur Banksy bezalakoak ikono bilakatu dituzte banku, politikari eta komunikabide erreakzionarioenek. Baina Ciudad Juarezen, aldiz, jazarriak dira, ez baitira ez narko eta «pandillen» meneko gazteak eta, ondorioz, ezta ustelkeriak zipriztintzen dituen polizia eta agintarien begiko.
Euskal Herrian, berriz, aspalditik erabiltzen dituzte gazteak politika zehatz bat saltzeko, baina bitartean gazteek sortutako edozer isilarazten dute. Gaztetxeak, komunikabide alternatiboak, antolatzen diren gazteak espetxera... «Zerbait egingo zuten!» moralina ustelaz beteriko leloek justifikatzen dute, ordea, gizarteak kriminalizazioari ematen dion babesa.
Atzean geratu dira intsumisioaren aldeko borroka sutsuaren garaiak, baina euskal gazteriak indarra soberan du. Sinestea besterik ez zaio falta.