Birginia Pozo Gonzalez Yal-lah Gazte Ekimenaren izenean
Elgarhi Nayem Foidal Mohamed Suedi, guk ez zaitugu ahazten
Zenbat odol isuri behar da espainiar Estatuak begiak ireki ditzan? Zenbat Elgarhi Nayem Foidal Mohamed Suedi lurperatu behar ditugu nazioarteko komunitateari bihotza hunkitzeko? Erotu al gara denak?
Hamalau urteko mutiko kozkor bat hil da marokoar poliziaren eskuetan eta inori ez dio dardarizoak ematen; ez al du ezer balio gazte horren biziak?
Nayem Foidal marokoar poliziak eraila izan da eta oraindik bada jendea lotara lasai eta barne korapilorik gabe doana. Barka, nor edo nor gaizki sentitzen bada hau entzutean, baina pertsona horiek izen bat eta bakarra dute: hiltzaileak. Ez du inporta nork zuen arma eskuetan gazte horrek zuen eskubide bakarra, bizitzeko eskubidea, lapurtu ziotenean, arma hori esku batek baino gehiagok eusten baitute.
Argi dago zenbaitzuentzat ez duela inporta nor jartzen den beraien jomugan, berdin zaie agure, gizon, emakume... izatea, berdin zaie! Garrantzitsuena sahararren gatazka zein momentu hauetan Aaiuneko kanpamenduan bizi den izualdia ez ezagutzea da, finean saharar herriak bizi duen errepresioa ezkutatzea eta ahanzturan erortzea.
Baina, Ya-lah Gazte Ekimenetik gure indar guztiz salatu nahi dugu saharar herriak urriaren 9tik, kanpamenduak altxatzea erabaki zutenetik, jasaten ari diren bortizkeria. Bigarren mailako hiritarrak dira beren lurretan; hezkuntza, osasun eta lan eskubide gabeak, bortxatu eta isilaraziak. Eta dena, sahararrak direlako, beraien lurra maitatu eta bertan bizitzen jarraitu nahi dutelako. Gure elkartasuna eskaintzen diogu hildakoaren senitarte zein beste biktima guztiei. Ez dugu utziko Nayemen izena ahanzturan erortzen den beste bat gehiago izaten. Nahiz eta izen propioa duten zenbaitzuk herri hau zein bere arrazoiak ahazten saiatzen diren, gu ez gara isilduko! Ez da, espainiar Gobernuko ministro berriak esan duen bezala, lasai egoteko garaia, gure ahotsak goratu eta bat egiteko garaia da. Utzi saharar herria bakean! Independentzia eta autodeterminazioa orain! Sahara askatu! Sahara hurra!