GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atxiloketa-prozeduraren erreformari aurre egingo diote Baionako abokatuek

Michele Alliot-Marie Justizia ministroaren erreformarekin ez dator bat Baionako Abokatuen Elkargoa, bereziki, atxilotuen asistentzia eskubidean izango diren murrizketei dagokionean. Beren aurkakotasuna agertzeko, azaroaren 2tik goiti, hainbat neurri hartuko dituzte.

p013_f01.jpg

A.M. | BAIONA

Justizia ministroak atxilotze prozedurari buruz berrikitan aurkeztu duen erreforma salatu du Baionako Abokatuen Elkargoak. Beren ustetan, lege berriak defentsarako eskubidearen atzerakada nabarmena eraginen du. Are, lege horrek joan den uztailaren 30ean Kontseilu Konstituzionalak gaiari buruz hartutako ebazpena ez duela inolaz ere errespetatzen irizten diote.

Gainera, atxilotze garaian atxilotuak abokatuaren asistentzia (ikerketa-espedientea ikusteko aukerarekin) izan dezan, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren eta Kasazio Auzitegien deliberoak ere «urratzen» dituela ere adierazi dute. Abokatuen arabera, lege aldaketaren ondorioz defentsa eskubidea ez da berbera izango denentzat. Izan ere, asistentziaren laguntzak murriztearekin, soilik bitarteko ekonomikoak dituzten herritarrek izango baitute, egiaz, abokatua kontratatzeko aukera.

Horiek horrela, datorren azaroaren 2tik aitzina, Baionako Abokatuen Elkargoak adostutako hainbat neurri abian jarriko ditu, hala nola Auzitegi Nagusiari dagozkion afera zibiletan epaimahaia kolegiatua eta epaitegi-eskribaua izatea sistematikoki eskatzea, adin-txikikoak Fiskaltzaren aitzinean aurkeztuak direlarik ofiziozko abokatuak ez izendatzea edota aldez aurretik erruduntasuna onartutako audientzietara ez agertzea.

Eskubideen aurkakoa

Horrez gain, atxiloketen baliogabetasun prozedurak sistematikoki tartekatuko dituzte eta espedienteak kontsultatzeko eta atxilotua laguntzeko eskaerak ere pausatuko dituzte atxiloketak gertatzen diren bakoitzean.

Bestalde, tokiko diputatu eta senatariei bilerak eskatzeko asmoa agertu dute, «erreforma honen arriskuez» jakinaren gainean izan daitezen. Kasazio Auzitegiak erreforma hori Europako zuzenbideak finkatzen duenaren kontra doala erabaki zuen urriaren 19an, «baita terrorismo edo droga trafikoen» gaietan ere. Uztailean Konstituzio Kontseiluak antzeko deliberoa kaleratu zuen, baina orduan, bi kalifikazio horiei dagozkien atxiloketen kasuak at utzi zituen.

Biek ala biek 2011ko uztailaren 1era arteko epea eman diote Justizia ministroari legea zuzenbidera egokitzeko. Hala eta guztiz ere Alliot-Marie ministroak «bere erreforma» defendatzen jarraitzen du.

MOBILIZAZIOAK

Erreformaren karietara Baionako Abokatuen Elkargoaren protesta ez da gaurkoa. Besteren artean grebak egin izan dituzte, esaterako, joan den ekainean eta, azkenekoz, orain dela hilabete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo