GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Avironek garaipenen bat behar du indarrak hartzeko

Zuri-gorrriak atzeraka doaz, eta gaur 14.30etik aurrera, bigarren dagoen Montpellier hartuko dute.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Azken partidak galdu ostean, ez du Avironek aurkaririk samurrena izango garaipenen bidera itzultzeko. Izan ere, Montpellier hartuko du gaur 14.30etik aurrera Jean Dauguer estadioan.

Frantziarrak sailkapeneko bigarren postuan daude 32 punturekin, baina sailkapeneko lehen postuan dagoen Racing Metro taldearekin berdinduta, baita hirugarren dagoen Stade Toulosainekin ere.

Beraz, ez dute partida erraza baionarrek, nahiz eta garaipen premian egon. Sailkapeneko lehen postuan egon ostean, atzeraka doaz, eta zaleak kezkatzen hasita daude, bide horretatik jarraitzen baldin badute, berehala sartuko baitira azkeneko postuetan.

Dena dela, Gajanek eta Lievremontek zuzentzen duten taldeak ongi jokatzen jarraitzen du, itxura ona ematen, eta emaitzak etorriko direlakoan daude entrenatzaileak. Zoritxarrez, etortzen ez badira, kezkak jan egin ditzake jokalariak, eta hori bera ere presio handia da.

Bestelako egoera auzoan

Kontrako bidea egiten ari dena Biarritz da. Denboraldi hasieran nahikoa gaizki hasi zen, baina geroztik goranzko bidea hartu du, eta azkenaldian garaipenak bata bestearen atzetik ari da pilatzen, sailkapeneko bosgarren postuan jarrita, 27 punturekin. Gainera, ematen ari den itxura ere oso ona da, eta jokalari guztiak hasi dira bere maila ematen. Hastapenean ia puntu guztiak Yachvilirenak ziren, eta bere jokoa ezinbestekoa bihurtu zen taldearentzat. Orain, ordea, taldeari indarra ematen dioten beste jokalari batzuk ere agertzen hasi dira, eta bai Ngwenyaren bai Trailleren lana ere hasi da nabarmentzen.

Gaur 14.30etik aurrera Briveren zelaian jokatuko du talde zuri-gorriak. Aurkaria ez dabil batere ongi, beheko postuetan dago, hamaikagarrena baita, 18 punturekin, baina haientzat ere oso neurketa garrantzitsua izango da, garaipena behar baitute bere egoera okertzen joatea nahi ez baldin badute.

Dena dela, oraingo Biarritzek konfiantza eta itxaropena zabaltzen ditu, talde lan bikaina egiten baitute. Joko ikusgarria ez dute egiten, baina bai oso erangikorra, eta horrek asko balio du gaur egun.

Biarritz

Biarritz behetik gora dator, sekulako indarrarekin, eta gaur 14.30etik aurrera Briveren zelaian neurtuko ditu indarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo