GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Ohorezko maila Jardunaldia

Maila nagusiko hiru euskal taldeak lehen postuetan sartzeko aukera eder baten atarian agertzen dira

J.L.

Azkeneko jardunaldi zoragarriaren ostean, Ohorezko Mailan dabiltzan hiru euskal taldeek jardunaldi zail bati helduko diete. Pasa den astekoa errepikatzeko gai baldin badira, hirurak ere lehen postuetan jarriko dira.

Ampo Ordizia sailkapeneko bigarren postuan dago jadanik, baina asteburu honetan ez du norgehiagoka erraza izango. Bihar 12.00etatik aurrera jokatuko du Altamira estadioan Quesos Entrepinares taldearen aurka. Valladolideko taldea goiko muturrean ibiltzera deituta dauden talde horietakoa da, eta biharkoa ez da erraza izango.

Goierritarrak, ordea, etxean oso talde sendoa osatzen dute, zaila da beraiek mendean hartzea, eta biharko ere faboritoak izango dira.

Etxean arituko den bestea, Pegamo Bera Bera da. Donostiarrek gaur jokatuko dute Anoetako estadio txikian Alcobendas taldearen aurka (17.00). Madrildarrak sailkapeneko atzeko postuetan dabiltza, eta gipuzkoarrek beste garaipen bat batzeko aukera paregabea daukate. Pasa den astean kanpoan lortutako garaipenak beheko postuak oso atzean uzteko parada eman zien, eta beste garaipen batek, lehen postuetara gerturatzeko txartela emango die.

Bizkaia Gernikak, berriz, bihar jokatuko du Santboianan 12.30etik aurrera. Bizkaitarrak ari dira apurka-apurka bere mailara heltzen, eta ez dute kataluniarrek baino talde txarragoa, hobea baizik, nahiz eta han irabaztea ez den batere erraza izaten. Berde-beltzak azkenaldian garaipenak pilatzen ari dira, eta gainera, ongi jokatuz, eta horrek konfiantza ematen die, bai taldekideei, bai zaleei.

Emakumezkoak

Emakumezkoen Ohorezko Maila pasa den astean abiatu zen, Gaztedi eta Getxo bertan direla. Orain, ordea, atseden izango dute azaroaren 21era bitarte, eta tarte horretan lanean jarraitu beharko dute, bai arabarrek, bai bizkaitarrek ere galdu egin baitzituzten beren partidak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo