GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako egoitzatik hedatuko ditu Etxepare Institutuak euskara eta euskal kultura

Etxepare Institutuak Donostiako Prim kalean izango du egoitza nagusia euskara eta euskal kultura mundu osora zabaltzeko. Datorren urteko aurrekontuak ere atzo onartu zituzten; hiru milioi euro jasoko ditu.

p049_f01_148x092.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Pasa den maiatzaren 28an izendatu zuen Lakuako Gobernuak Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) aktore eta gidoilaria Etxepare Institutuko zuzendari, 2007az geroztik euskal kultura sustatzea helburu duen organismo horrek bizi izan duen geldialdiari bultzada berri bat emate aldera. Izan ere, orain hiru urte, EAJk gidatzen zuenean Lakuako Exekutiboa, Institutuko langileen kontratazioetan hainbat irregulartasun antzeman ziren, eta afera hark geldialdira eraman zuen Etxepare Institutuaren zeregina.

Udaberritik, beraz, eta zuzendari berria izendatuta, Etxepare Institutuak, 2011rako hiru milioi euroko aurrekontua izango duenak, lehenengo urratsak eman ditu dagoeneko; nazioarteko hainbat unibertsitaterekin hitzarmenak sinatu dituzte, AEBetan bizi diren euskaldunak euskara irakasle izateko prestatuko dituen programan parte hartuko du, Frankfurteko Liburu Azokan euskal kulturaren presentzia bermatu zuen, eta abar. Gainera, Ramon Llull Institutuarekin -Katalunian pareko zeregina betetzen duena - hitzarmena sinatzear da, eta Cervantes Institutu espainolarekin ere hori bera egitea espero dute.

Atzokoan, Donostiako Prim kalean finkatutako egoitza nagusia aurkeztu zuen Goenagak, Blanca Urgell Lakuako Kultura sailburuak eta Mari Jose Olaziregi Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari berriak lagunduta. Goenagaren arabera, Etxepare Institutua euskara eta euskal kultura mundura ateratzeko sortua da, eta «munduan euskal kulturari leihoa zabaltzeko, kultur ekintzak promozionatu eta ikusgai jarriz».

Institutuak, ordea, euskarazko zein gaztelaniazko egitasmoak zabalduko ditu. «Euskal produkzio kultural guztiak du tokia etxe honetan. Euskaraz egiten denak, gaztelaniaz egiten denak eta hizkuntzarik ez duenak», zehaztu zuen zuzendariak.

Urgellek ere hitza hartu zuen atzoko aurkezpenean, eta Bernat Etxeparek 1945ean idatzitako hitzak ekarri zituen gogora: «Euskara, jalgi hadi plazara; Euskara, jalgi hadi mundura». «Bostehun urte geroago, globalizazioaren, komunikazioaren eta Interneten egun hauetan, Etxepareren aldarria egia bihurtzeko aukera paregabeaz» mintzatu zen. «Zorionez -jarraitu zuen Lakuako sailburuak- euskara eta euskal kultura atera dira plazara, atera dira mundura».

Sustapen eta hedapen arloko zuzendari berria

Asteartetik aurrera, Mari Jose Olaziregi EHUko irakaslea eta literatura kritikaria izango da Etxepare Institutuaren Euskararen Sustapen eta Hedakuntzarako zuzendaria. Bere ardurapean geratuko dira, beraz, nazioartean euskara sustatu eta hedatzeko antolatuko diren ekimenak, baita euskaraz sortutako kultura ekoizpenari dagozkionak ere, hala nola, euskal literaturari. Hurrengo urterako aurreikusi diren ekimenen artean, gaur egun munduko unibertsitateetan dauden 24 irakurle sareren diagnostikoa egitea da garrantzitsuenetakoa Olaziregik aipatu zuenez. Epe laburrerako, euskara munduan zehar ezagutzeko kanpaina bat eta kultura adierazpide ezberdinak uztartuko dituen ikuskizuna aipatu zituen. Hala, 2011-2013 aldian herrialde estrategiko izango dira Estatu frantsesa, Britainia Handia, Alemania eta AEBak. A.K.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo