GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Aulkiak bilera egin ez

Azken hatsa lurrean... Itxura batean horrelaxe izan da, Pirinioetako azken hartzak hilabete batzuk direla eman ei zuen azken hatsa. Arbasoak mendi horietan beroietan izan dituen azken hartza, mendiotatik kanpoko hedabideek Camille ezizenez ezagutu arazi dutena. Agur eta ohore. Hartz arrea, ziotenez. Horrezkero, kolore aniztasuna galdu dute Pirinioek. Gaitzerdi!, pentsatuko du kaletar askok, oraindik eski-estazioak geratzen dira mendiotan! Grisaxka kolore hilak atera du arre bizia hango kolore-mosaikotik. Grisaxka transgenikoa. Egunen batean, litekeena da, azken hartzaren erretratu txikiaren ondoan kristoren argazki handia ipiniko dute; elurrik ez duen herrialde urrun batean merkeago egindako eski-parea Pirinioetara eraman zuen lehenengo autoaren argazkia ipini ere. Hauxe kolpea! Ustez oinetan ipintzeko zirenak, eskiak, auto-gainean ipintzeko erabiltzen dira gehien.

Tira! Lar berandu heldu bide zaio hemengo azken hartzari Japonian egunotan in extremis lortu duten akordioa. In extremis izate hori gero eta ohikoago bilakatu da nazioarteko goi-bileretan. Kasik esan liteke bilerotako aurreko guztia alferrikakoa dela, azken unekoak baino ez duela balio, zerbaitek balioa izatekotan, sikiera. Gauzak horrela, aurrezpen handia egin liteke munduko ekonomian goi-bilera horiek arratsalde bakar batean burutuko balira, eta horretarako nahikoa izango litzateke hitzordua aireporturen batean egitea eta puntu. Bada, espezieak babestera dator in extremiseko hori, geratzen diren espezieak, diot nik. Pirinioetako hartzentzat in extremis pasatuta etorri da akordioa. Biodibertsitatea.

Zer gauza inportantea den aulkia! Ez da harritzekoa lehendakariren batek horren zaletasuna ageri izana. Ez da bilera seriorik aulkirik ez duenik, nahiz eta, honetan ere, aulkiak ez du bilera egiten. Hortaz, eserleku luzeak berdin ikusten dira sagardotegietan zein epaitegietan edo kristautegietan eta, jakina, ez dira gauza bera tortura, sagardoa eta sermoia. Tira, harira! Hauxe harrabotsa zabaldu dutena! Hamaika entzuteko gara, gero! Urlia eta sandia elkarren aurrean eseri direla? Hau akabua! Sutara botako zuten batzuek gustura balizko bileraren mahai eta aulki egurra. Baina gaur balizko ei den hori bihar-etzi ahalezko izango bide da, in extremis bada ere. Baina akordioa, finean. Hemengo biodibertsitatearen defentsan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo