Iratxe Esnaola Arribillaga Informatika ingenieria
Gaztetxoak eta teknologiak
Informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin «eskuz esku hazi eta hezten» ari den lehen belaunaldiaren inguruko kezken eta galderen inguruan sakonki hausnartzen du egileak. «Etengabeko ikaskuntza» proposatzen du, «aukeren askatasuna» sustatzeko eta bermatzeko, «jarrera aktiboa, parte-hartzailea eta elkarlanerako irekia» garatzeko.
Egun, gaztetxoak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eskutik datoz. Eskutik datoz belaunaldi berrietan. Teknologiekin jaio den belaunaldia baita, beste batzuk telebistaren urrutiko agintearekin jaio ziren bezala. Teknologiekin jaio dira eta tresna arruntak dira beraientzat. Eta horregatik datoz eskutik. Eta hartu-eman estu horrek, noski, kezka sortzen du, IKTekin eskuz esku hazi eta hezten ari den lehen belaunaldia baita. Eta kezka horrek, ikerketa eta azterketa andana bideratu ditu. Ez da gutxiagorako, galdera asko sortzen dituen binomioa baita, gaztetxoak eta teknologiak batzen dituen hori: gaztetxoek IKT gehiegi erabiltzen ote dituzte? Zertarako? Zergatik? Eta ondo erabiltzen al dituzte? Edo hobeto esanda, ba al dakite tresna horiek ondo erabiltzen? Irakatsi al zaie? Edo bakarrik ikasi behar izan dute? Eta, berez, zer ikasi beharko lukete bada? Zer esan nahi du gaitasun teknologikoak izateak? Eta gaitasun teknologiko horiek noren laguntzarekin garatu beharko lituzkete? Nork irakatsi beharko lieke? Nor da horren guztiaren arduradun, arduradunik bada?
Galdera posibleen zerrendaren luzera, IKTekin hazi eta hezteak suposatzen duen aldaketaren dimentsioaren tamainakoa da. Lehen belaunaldia da. Hurrengoak beste tresna batzuei eskutik helduta etorriko dira. Eta horrexegatik, hain zuzen, ezinbestekoa da gaztetxoen gaitasun teknologikoen garapena bermatzea. Behar bat delako, IKTak beren bizitzaren zati direlako: egun, telebistaren urrutiko aginteagatik baino, ordenagailuagatik borrokatzen direlako. Eta, beraz, horretan ere trebatu behar direlako. Eskolan eta etxean. Baina zein dira gaitasun horiek? Eta nola gara ditzakete, noren laguntzarekin?
Hezkuntzatik beste eremu askotara zabaldu den kontzeptua da «etengabeko ikaskuntza» edo «bizitza osoko ikaskuntza» (LifeLong Learning, ingelesez). Eta hori da egungo hezkuntza hobekien definitu beharko lukeen terminoa: edukiak inoiz baino lehenago zaharkitzen baitira eta testuingurua inoiz baino azkarrago eraldatzen baita. Eta, hortaz, belaunaldi berriak «etengabeko ikaskuntza»-rako prestatu behar dira. Eta hori da, hain zuzen, teknologien eremuari aplikatu behar zaion ikaskuntza-eredua ere.
«Etengabeko ikaskuntza»-ren formula hori oinarri, nire ustez, gaitasun teknologikoen garapenean oinarri minimo batzuk definitzea ezinbestekoa da, gutxienez, arlo hauetan: informazio metaketa (Internet informazio-iturri mugagabe gisa ulertuta), sistema eragile eta oinarrizko tresna ezberdinen gaineko trebakuntza, Internet bidezko komunikazio kanalen erabilera egokia eta, oro har, zeharkako izaera batekin, IKTen eremuan erabiltzaile aktibo eta parte-hartzaile bilakatzea.
Internet informazio-iturri mugagabetzat definitzen da maiz. Are gehiago, Interneten nabigatzea informazioa bilatze hutsarekin ere nahasten da. Eta, berez, egia da Interneteko nabigazioaren zati handi bat bilaketetan oinarritzen dela: dela informazioa bilatzen dugulako dela tresna konkretu bat aurkitu nahi dugulako. Edozein kasutan ere, kalitatezko bilaketak egiteko gaitasuna garatzea ezinbestekoa da. 2009an Deustuko Unibertsitatean egin genuen ikerketa baten arabera, nerabeen gehiengo handi batek beren bilaketak kalitatezkoak direla baieztatzen zuen. Hala kontsideratzen zuten beraiek. Eta zer da bada kalitatezko bilaketa bat egitea? Bada beste eremuetan gertatzen den gisan, bilaketez ari garenean ere, kalitatea termino zabala da eta, besteak beste, bilatzen dutena aurkitzeari eta iturri fidagarri eta ez fidagarriak ezberdintzen jakiteari egiten dio erreferentzia, bilatzen dutena dena delarik ere. Eta, zentzu horretan, kalitatezko bilaketak egiteko gaitasuna, etorkizuneko proiekzio batekin, «etengabeko ikaskuntza»-ri hertsiki lotuta dago.
Sistema eragile eta oinarrizko tresnei dagokienez, sistema, plataforma eta formatu ezberdinen gaineko trebakuntza minimotzat ulertu behar da. Alegia, sistema eragileen arteko ezberdintasunak azaldu eta hauekin aritzeko gaitasun minimoak garatu behar dituzte. Eta berdin oinarrizko tresnekin ere, testu-prozesadore, kalkulu-orri eta aurkezpenak egitekoekin ere, besteak beste. Burutu genuen ikerketa beraren arabera, unibertsitatera sartzen diren ikasleen gehiengo handi batek sistema eragile bakar bat ezagutzen du eta oinarrizko tresnetan ez du trebakuntza minimorik jaso. Beraz, sistema eragile ezberdinen eta oinarrizko tresnen gaineko formazioa halabeharrezkoa da eta, bide batez, alfabetizazio orokor horrek, gaztetxoen aukera teknologikorako askatasuna sustatzen eta bermatzen du.
Bestalde, Internet komunikazio kanal gisa ere definitzen da, Internetek mota askotako komunikaziorako tresnak eskaintzen baititu. Arlo honetan, beraz, komunikaziorako tresna horiek modu egokian erabiltzea da helburua. Esaterako, posta elektronikoa modu egokian kudeatzea: posta elektronikoaren «gaia» eremuaren ulermen eta kudeaketa egokia; spam-aren aurrean hartu beharreko neurriak; birbidalketetan besteen posta elektronikoko helbideak ezkutatzearen garrantzia; eta, baita atxikita bidaltzen dituzten dokumentuen formatuen gaineko aukeraketa ere, gainontzeko erabiltzaileen aukera askatasuna bermatzeko helburuarekin. Era berean, eta sare sozial hain hedatuei helduz, komunikazioa modu arduratsuan garatzen irakatsi behar zaie, pribatutasuna mantentzearen garrantziari errotik helduz, batez ere. Internet komunikaziorako kanal oso eraginkorra da, baina modu seguru eta arduratsuan erabiltzen gaitu behar dira.
IKTen eremuan, baina, bada gaitasun teknologiko minimo horiekin guztiekin batera garatu beharreko elementu bat: jarrera aktiboa, parte-hartzailea eta elkarlanera irekia. Alegia, IKTak erabiliz gaztetxoen pentsamendu kritikoa, jakin-mina eta, besteak beste, modu kooperatiboan lan egiteko prestasuna eta gaitasuna sustatu daitezkeela. Eta, beraz, horretarako ere erabili behar direla. Eta nola? Bada IKTen erabilera intentsuaren bitartez, erabilera arduratsu bat garatzea izan daiteke helburua. Hau da, modu intentsuan erabiliz, IKTen erabileran trebatuko dira, eta, paraleloan, modu arduratsuan erabiltzeko gaitasun teknologikoen garapenean zentratu behar da.
Hori guztia, noski, instituzio ezberdinen, hezkuntza sistemaren eta guraso eta hezitzaileen ardura da. Hezkuntza sistemak aukera teknologikorako askatasuna eta erabilera arduratsua helburu dituen gaitasun teknologiko minimoen garapena bermatu behar du. Eta, bide horretan laguntzeko, hezitzaile eta gurasoen trebakuntza ere ezinbestekoa da, horretarako auto-ikaskuntzan eta instituzio ezberdinetatik bideratu behar diren trebakuntza eskaintzetan urratsak gaur eta orain ematen hastea halabeharrezkoa delarik.
Inongo zalantzarik gabe, hezkuntza arloan «etengabeko ikaskuntza» defendatzen dugun garaiotan, gaztetxoek IKTekin duten harremanaren gaineko ikerketak ere etengabekoak izango dira. Tresnak aldatzen joango dira eta, hortaz, belaunaldiz belaunaldi ere gaitasun teknologikoen garapenaren definizioak aldatzen joan beharko du. Hori horrela, «gaitasun teknologikoen etengabeko garapena» bermatuko duen epe luzerako estrategiak pentsatzea garrantzitsua da, non gaztetxoek garaian garaiko gaitasun teknologikoak garatuko dituzten eta non guraso, hezitzaile eta instituzioak ere hezkuntza hori bermatzeko gai izango diren.