Xabier Etxaniz Rojo 2010/10/28
Berriro sukaldean
Sukaldean ia dena dago prest. (...) Sukaldariak erabateko konfiantza du bere lankideengan, bai, baina badaki xehetasun guztiei adi egon beharra dagoela.
Horrexegatik dago oraindik sukaldean.
Horregatik, eta jangelan zain dauden afaltiarrez ez delako batere fio.
Oraindik sekulako tristura sentitzen du duela lau urte koadrila harekin gertatutakoa gogora ekartzean. Gaur bezala, aparteko jangela batean zeuden, kuxkuxeroengandik urrun. Zizka-mizka hotz eta beroen ostean, sukaldariak berak mahairatu zuen artelana: prozesua txilindron erara. Bikaina zen! Perfektua!
Haatik, afaltiarrek pikutara bidali zuten egindako lan guztia. Batek ez zuela gustuko esan zuen, besteak hura ez zela agindutakoa. Urliak Berendiari labana bakean uzteko, Sandiak Urliari bera ez zela hasiko Berendia jaten hasi arte. Hura iskanbila gau hartakoa!
Eta azkenik, prozesua txilindron erara zakarrontzira, inork dastatu gabe.
Oraingo honetan, baina, ezberdina izango da. Onddoz beteriko Gernikako piper eta akordio batzuk prestatu dizkie hasteko. Gero Bruselako aza eta adierazpen batzuk ekialdeko saltsa batez lagundurik -Currin erara, alegia- eta su-eten goxo bat su eztian prestatutakoa. Bukatzeko Mitchell printzipio batzuk txokolate berotan.
Sukaldariak badaki afaltiarrak oso mizkinak direla. Haatik, gaurkoan dena ondo aterako delakoan dago.