Izua eta umorea, Beldurrezko Zinema Asteko elkarbizitzan
Txipiroi itxurako panpina puzgarri batekin, 8T Manga proiektuarekin eta, noski, lehen filmaren emanaldiarekin hasi zen atzo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astea. Gaur beste bi pelikula emango dituzte: «Death Kappa» japoniarra eta «Exam» britainiarra.
Maddalen LARRINAGA
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak aukera ugari eskaintzen ditu Halloween gau honetarako. Alde batetik, Tomoo Haraguchi japoniarraren «Death Kappa», musikala, komedia eta fantasia lotzen dituen film luzea. Bestetik, Stuart Hazeldinen «Exam», inoiz jasan daitekeen azterketarik zailenetako bati buruzkoa. Eta amaitzeko, 00.30ean hasiko den zine maratoi gaua. Izan ere, «The last exorcism»-ekin hasiz, «Jackboots on whitehall» eta «Badevilled» lanak ere proiektatuko dira Antzoki Zaharrean.
Stuart Hazeldine hasiberria da film luzeak zuzentzeko lanean. Gidoigintzan urteak daramatzan arren, «Exam» da bere lehendabiziko lan luzea eta, dagoeneko, Beldurrezko Asteko antolatzaileen miresmena irabazia du. Izan ere, Beldurrezko Astearen zuzendari Jose Luis Rebordinosek azaldu zuenez, «beldurrezko betiko filmetatik at dago hau».
«Exam» thriller psikologiko bat da, nahiz eta zientzia-fikzioaren elementuren bat ere baduen. Filmean lanpostu baterako hautaketa froga baten azken fasea azaltzen da; zortzi hautagaik zaindariak adierazitako hiru arau zehatz bete behar dituzte prozesutik kanpo ez gelditzeko. Batetik, ezin diote ez zaindariari ez aretoaren sarreran dagoen segurtasun guardia armatuari hitz egin. Bestetik, ezin dituzte froga hori egiteko emandako orriak hondatu. Eta, azkenik, ezin dira gelatik irten. Baina, azterketa egiteko denbora hastean, orriari buelta ematean, galderarik ez dagoela konturatuko dira hautagaiak eta orduantxe hasiko da azterketa. Ez da, ordea, beraiek espero zuten froga izango.
Film labur bat izateko jaio zen ideia luze bihurtu zuen Hazeldinek. Haren lagun batek azaldutako lehen gidoi batetik sortu zuen, non kokalekua eskola bat zen eta protagonistak azterketa bat egin behar zuten ikasleak ziren. Pare bat gauzatxo aldatuta, gaur ikusiko ahal izango den «Exam» sortu zuten.
Lan honek giza izaera miatu eta ikertzeko aukera eman zion Hazeldini, beti gustatu eta interesatu izan zaion gizakiaren alderdia, alegia. Botere-nahia, lukurreria eta morala aztertzen ditu bertan, bai hautagaiena, baita lanpostuak ematen dituzten enpresa-buruena ere. Hori dela eta, zortzi hautagai horiek munduko toki ezberdinetakoak izatea oso garrantzitsua iruditu zitzaion; kultura eta arraza ezberdinetakoak izatea nahi zuen. Hala ere, horietako bat espainiarra izatea nahi bazuen ere, ez zuen halakorik topatzea lortu.
Egungoa krisi garaia dela-eta, filmak garrantzi handiagoa jaso lezakeela dirudi, lan aukera baten aurrean, egun, presioa handiagoa dela-eta, baita oposizioak prestatzen ari den jendetza dela-eta. Erresuma Batuan ordea, inork ez du bizitza osorako lanik, ezta funtzionarioek ere. Hori dela eta, zuzendariak azaldu zuenez, bizitza osoa postuak lortzeko azterketak egiten ematen dute. Hala, ikusle askori gustatuko zaiola uste du Hazeldinek, bere egoera filmean ikusteko aukera izango baitu; beste askok, ordea, ziurrenik gogorik ez dutela izango aitortu zuen.
Internet barruko eztabaida-lekuetan, «The Cube» filmarekin alderatu dute erabiltzaile askok. Horren aurrean zuzendariak baiezkoa eman zuen. Izan ere, nahi gabe «The Cube» (Vincenzo Natali, 1997) edota «Lord of the flies» (Harry Hook, 1990) film luzeak bere lanean erreferentzia gisa uler daitezkeela aitortu zuen.
Orain beste thriller batean ari da lanean, hau ere zientzia-fikzioko zenbait elementu izango dituena. Hala ere, atzoko filmaren aurkezpenean, naturaz gaindiko gertaerak eta detektibe baten presentzia iragarri zuen soilik Stuart Hazeldinek.
Tomoo Haraguchi zuzendari japoniarra laugarren aldiz da Donostian Beldurrezko Asteko gonbidatu gisa, eta oraingoan 70eko hamarkadara itzularazten gaitu «Death Kappa» filmarekin. Proiektu hau «sailkaezina» eta «Beldurrezko Asteko altxor txiki bat» dela adierazi zuen Jose Luis Rebordinosek.
«Munstroz betetako komedia bat da», zioen Daniel Aguilar itzultzaileak atzoko aurkezpenean. «Komedia bat dela adierazteko adibiderik onena ni agertzen naizela da», zioen txantxetan Aguilarrek. Izan ere, japonierako itzultzailea da Aguilar eta ia konturatu gabe Haraguchik bere filmean sartu zuen.
«Donostiara etorri nintzen lehen aldian asko gustatu zitzaidan bere itzultzaile lana. Gainera, pelikula honek egindako aurrekoak baino aurrekontu txikiagoa zuen eta, ondorioz, oso gutxi edota ezertxo ere kobratuko ez zuten aktoreak behar nituen, eta Danielengan pentsatu nuen. Eta, noski, halako film batean ondo egongo litekeela ere pentsatu nuen», esan zuen Haraguchik Aguilarren paperaren nondik norakoak azaldu nahian.
Tokion abeslari zela batere arrakastarik lortu ez zuela-eta, Kanako gaztea bere jaioterrira itzuliko da. Bertan, bere amona, bizirik duen senide bakarra, Kapparenganako kultua iraunarazteaz arduratzen da: tokiko uretako jainkoa da Kappa eta pepinoa da gehien atsegin duen jakia. Amona istripuz hil ondoren, Kanakok hartuko du haren lekua, baina, aldi berean, zenbait jende desagertzen hasiko da inguruan, arrazoi jakinik gabe. Hala, Kappa benetako izakia dela jakingo du Kanakok eta bere laguntza beharko du desagerpenen atzean Japonia inperiala berrezartzeko dagoen trikimailu erotik onik ateratzeko.
Filmak orain 30 edota 40 urte erabiltzen ziren efektu bereziak ditu, beti ere nahita egindako lan baten emaitza gisa. Izan ere, 300.000 euroko aurrekontua izanik, ez zuten gehiagorako dirurik, eta Haraguchik 70eko hamarkadako filmekiko duen maitasuna kontuan hartuta, hala behar zuen.
«Death Kappa» nahi gabe sortutako proiektua da. Haraguchi Media Blasters ekoiztetxe estatubatuarrarekin ari zen lanean eta, hasiera batean, katana batekin jendea hiltzen zuen dantzari baten inguruko ideia aurkeztu zien. Etxeak, ordea, Japonian ohikoak diren iratxoei buruzko lan bat nahiago zuen eta, ondorioz, proiektuari ezetz esan zion Haraguchik. Estatubatuarrek ideia bat eskatzen temati jarraitzen zutenez, zentzurik ez zuen bat aurkeztu zien japoniarrak, bertan behera utziko zutelakoan. Usteak erdia ustel, ordea; ekoiztetxeak ideia onartu zuen eta proiektuari ekin behar izan zion, eta hala hasi zen «Death Kappa» egiten. Ekoiztetxe estatubatuarrarekin lan egin izanak ez dio oroitzapen politik utzi, ordea, Tomoo Haraguchiri. «Ekoizle amerikarrak bereziki zuhurrak izan ziren, oso zaila izan da beraiekin lan egitea. Amerikari aurretik nion gorrotoa bikoiztu egin da», esan zuen zuzendari japoniarrak.
Media Blasters enpresarekin zuen kontratuak behartuta, filma jadanik DVDan argitaratu da. Hala ere, ez da gaur Donostian ikusiko den bertsio bera. Izan ere, filmatutako abesti eta dantzak moztu egin dituzte beste bertsio horretan, «guztira hamalau minutu motzagoa da bertsio hori», zehaztu zuen Haraguchik; bigarren horretan abestiak moztu edota zuzenean kendu egin baitzituzten.
Atzotik dena prest dute Beldurrezko Astearen antolatzaileek, eta Jose Luis Rebordinosek atzo GARAri azaldu zionez, ia sarrera guztiak salduta daude jadanik, batez ere Antzoki Zaharreko emanaldietarako. Halere, oraindik badago filmen batera iristeko aukerarik. Horretaz gain, zuzendari gisa azken Astea izango duen honi penaz eta ilusioz ekin diola ere aitortu zuen Rebordinosek; hala ere, bizitzan aldaketak onartzen eta egiten jakin behar dela eta Donostiako Zinemaldiaren zikloari aurre egiteko prest dagoela azaldu zuen.