GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lea-Artibairen antolaketaren gaineko herri bilkurak egingo dituzte datozen asteetan

Lea- Artibaiko ezker abertzalea ez dator bat Bizkaiko Aldundiak Lurralde Plan Partzialean eskualde horretarako proposatutako antolaketarekin. Herritar guztien partaidetzarekin alternatiba propio bat aurkitzeko helburuz, ostiralero bilduko dira eskualdeko herrietan.

GARA

Lea-Artibaiko ezker abertzaleak, eskualdearen antolaketa herritarrek erabaki dezaten, bilerak eta mahai-inguruak egingo ditu azaroa eta abenduan. Bertako herritarrek Bizkaiko Aldundiak planteaturiko aukeraren aurrean alternatiba bat sortu nahi dute, eta horretarako, datozen asteetan eztabaida gune desberdinak zabaltzea erabaki dute ideia hori landu eta garatzeko.

Ezker abertzalearen hitzetan, lurralde bat antolatzeko orduan Aldundiak tresna desberdinak jartzen ditu mahai gainean. Alede batetik, lurralde arloko planak eta lurralde plan partzialak ditu. Bestetik, Lea-Artibairen lurralde-antolaketa Gernika-Markina Lurralde Plan Partzialean biltzen da, Busturialdearekin batera.

Ezker abertzaleko kideen ustetan, bi eskualdeak plan bakarrean sartzea ez da egokia eta eragozpen ugari ekarriko ditu, bi eskualdeek ez dutelako inolako zerikusirik. Hala, Lea-Artibaiko ezker abertzalearen esanetan, eskualde mailan, herrien arteko harremanak eta komunikazioa hobetze aldera egin behar dute lan, eta bai Lea-Artibaik bai Busturialdeak bakoitzak bere lurralde plan partzial independentea izan behar du. Bi eskualdeak mugakideak direnez, bien arteko koordinazio egokia izateko tresnak bilatzea ere beharrezkoa dela deritzote.

Bestetik, lurraldearen antolaketa zehazteko orduan herritarren parte hartzea garrantzitsua dela uste du ezker abertzaleak, eta ateak zabalik izango dituen prozesua izan beharko litzatekeela, eskualdeko eragile guztiek esateko dutena jaso ahal izateko eta denen artean plana gorpuzteko. Alde horretatik, Lea-Artibaiko ezker abertzaleak nolako eskualdea nahi duten zehazteko eta diseinatzeko bilerak egitea erabaki du. Horietan, herritar guztien parte hartzea bultzatuko dute, guztien etorkizuna dagoelako jokoan.

Lurralde Plan Partzialak arlo ugari jasotzen ditu bere baitan, eta, hortaz, beharrezkotzat jotzen dute arlo desberdinetako eragileek egin ditzaketen proposamenak entzutea, guztien artean eztabaidatu ondoren eskualdea nolakoa izango den erabakitzea.

Datozen asteetan egingo dituzte, beraz, bilerak, hitzaldiak eta mahai-inguruak eta horietan nahi duen orok parte hartu ahal izango du. Saio irekiak izango dira eta herritar guztiek izango dute proposamenak egiteko aukera; era horretan eskualdearen garapen ekonomiko, sozial eta kulturala guztien artean sortze aldera.

Azaroan, etxebizitza, euskara, garapen ekonomikoa eta ingurumena izango dira jorratuko dituzten arloak. Ostiralero gai baten inguruan arituko dira eta toki desberdin batean izango dira hitzaldiak arratsaldeko zazpietan. Abenduaren 17an, berriz, «herri txikiak» izango da mintzagaia eta Zeraingo herri-esperientzia azalduko da herriko Bolibarko udal aretoan.

Herriz herri

Azaroaren 5ean Markina-Xemeingo kultur aretoan izango da bilkura; 12an, Lekeitioko Azkue aretoan; 19an, Aulestiko aretoan; eta 26an, Ondarroako Guzur-Etxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo