GARA > Idatzia > Ekonomia

Laborantza iraunkorra sostengatzeko deia zabaldu zuten Lurrama azokan

Ostiralean hasi ondotik, gaur amaituko da Baionako Lurrama azoka. Herritar ugari hurbildu delarik, laborantza iraunkorra goraipatzea xede duen ekitaldi ofiziala baliatu zuen EHLGko lehendakari Michel Berhokohirigoinek nekazaritza mota horren aldeko deia zabaltzeko.

p024_f01-148x108.jpg

Ainize BUTRON

Hiru egunez laborantza iraunkorra goraipatzea helburu duen Lurrama azokak iragan ostiralean zabaldu zituen ateak. Kontseilu Nagusiko, Eskualdeko Kontseiluko, Baionako Herriko Etxeko eta lekuko beste hainbat egituretako ordezkariz inguraturik, Michel Berhokohirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberaren lehendakariak, laborantza iraunkorra lekuko nekazari gehienek aukeraturiko ekoizpen mota zela goraipatzeaz gain, «errealitate hori garatu eta zaindu beharra» dagoela nabarmendu zuen. Bere mezua kontsumitzaile eta laborariei zuzendu zien Berhokohirigoinek, «laborantza iraunkorra egungo kalitatearen erronkari eta herritarren beharrei erantzun diezaiekeen nekazaritza mota bakarra» dela esanez.

Kontsumitzaileen beharretatik haratago, laborantza mota hori klima eta energia arloan gaur egun sortzen ari diren erronkei erantzuna ematen dien bakarra dela gaineratu zuen.

«Erronka nagusia laborariz osaturiko nekazaritza mota bat salbatzea da. Laborantza industriala nekazaririk gabeko laborantza izango da», goraipatu zuen.

Horrenbestez, agintari politikoek horretan erantzukizuna bazutela gehitu zuen, eta, «diru publikoak herri laborantza sostengatu behar» duela aldarrikatu zuen. «Ezin da diru-laguntzak edonola banatzen jarraitu, bereziki laborantza industrialari emateko delarik», nabarmendu zuen. Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakariak azken urteotan izandako erasoak ere aipatu zituen, behingoz bidea «irekia» dutela erranez. «Mehatxurik eta oztoporik gabe laborantza mota horren inguruan abiatuko gara», bukatu zuen.

Haurrak nagusi

Lurrama EHLG egitura osatzen duen «puzzlearen zati» bat denez, elkartea azken bost urteotan bultzatzen aritu den lana islatu da bertan. Aurten bosgarren edizioa dela-eta, «lekuko mozkinak eta sanoak jan ditzagun» leloa zabaltzea erabaki dute eta, alde horretatik, haur zein helduek jakiak prestatzeko, jateko eta elikagai bereziak dastatzeko aukera izan zuten.

Horrez gain, behi, ahate, antzara, untxi eta oiloz osaturiko urteroko abereen gunea izan zen ate irekitze egunean arrakastatsuena. Udalekuetako haurren presentzia izan zen, izan ere, nagusi ostiralean. Ondoko egunetan, berriz, heldu zein gazteek bete zituzten bazterrak.

Perigord

Aurtengo Lurramaren bosgarren edizioan, urteroko bazkari, merkatu, hitzaldi eta animazioez gain, gonbidatu berezi bat izan zen: Estatu frantseseko Perigord eskualdea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo