slackline Euskal sinadura
«Lost Arrow» mitikoa, euskal eskalatzaileen ametsa egia bihurtu da
Slackline jardueran espezialista diren Aitor Garitaonandia, Joxe Felix Hormaetxe eta Iñigo Larrañagak Yosemiteko izarra poltsikoratu dute. «Lost Arrow» du izena: 17 metro eta 800 metroko garaiera.
Andoni ARABAOLAZA
Slackline edo zinta baten gainean oreka mantenduz ibiltzeak eskaladarekin baino zirkuan dauden funanbulistekin harreman zuzenagoa du. Alabaina, jarduera honek izan du lotura estua eskaladarekin ere, besteak beste, oreka lantzeko eta burua ondo baino hobeto kontrolatzeko oso aproposa baita.
60ko hamarkadan, Yosemiten modan jarri zen. Urrezko garaiak ziren, Camp 4 izeneko topagunean eskalatzaile hippyek denbora-pasa bezala erabiltzen zuten. Denboraren poderioz, slackline modalitatea modan jarri zen, eta, moda guztiek bezala, bere gorabeherak izan ditu. Euskal Herrian, bederen, duela urte batzuk eskalatzaile talde txiki batek jarduera hori berreskuratu zuen, eta, aitortu beharra dago: azken urteotan batzuk-batzuk oso motibatuta daude. Horien artean dira Joxe Felix Hormaexte Txefe, Aitor Garitaonandia Ajillo eta Iñigo Larrañaga Txirrita.
Eskalatzaile horiek eta beste bakan batzuk atondutako hainbat gunetan gogor entrenatzen ari dira, eta, jakina, hartutako eskarmentuak, urratsak ematera eraman ditu. Esku artean badituzte erronka eder batzuk, baina bat denen artean nabarmentzen zen: «Lost Arrow».
Yosemite bailarako izarra dugu. Hango ur jauzien ondoan dago; hormatik banatuta dagoen orratzean hasten da. 1985. urtean, Scott Balcom orratzera igo zen, zintza jarri zuen eta orratza eta horma banatzen dituen 17 metroak ibili zituen. Hori bai, lurretik 800 metrora; garaiko altuera handiena.
Logistika zehatza
Aipatutako hiru euskal eskalatzaileek asko irakurri eta entzun dute «Lost Arrow» mitikoari buruz. Eta, arestian aipatu dugun legez, urteen poderioz jasotako eskarmentuak hara eraman ditu. Txirritak aurreratu digunez, pasa den udan joan ziren: «Urte batzuk badaramatzagu jarduera honetan, eta, ametsa genuenez, azkenean `Lost Arrow' egitera animatu ginen. Orain arte ez ginen prest maila horretako jarduera bat egiteko; ez ginen geure buruak kontrolatzeko gai horrelako garaieran. Burua ez zegoen prest, eta burua da agintzen duena».
«Zodiac» (Kapitain) eta Half Domeko «Regular» bideak eskalatu ondoren, «Lost Arrow» egiteko ordua iritsi zen. Jakin bazekiten logistika zehatza behar dela: hiru ordu aldapa gora oinez, material guztia garraiatu, orratza eskalatu, rapelatu, zinta jarri, tenkatu, azpitik segurtasuneko beste soka bat jarri...
«Hori guztia egiteko egun bat behar izan genuen. Gainera, haizearekin tentu handiz ibili beharra izan genuen. Eguzkiaren beroak haizea altxatzen zuen goizeko hamaiketatik arratsaldeko seietara. Azkenean, unea iritsi zen. Zintan ibiltzera ohituta gaude, baina ez garaiera horretan. Lehen pausua zailena izan zen; aldiz, behin tentsioa pasatu eta bihotz taupadak apur bat lasaituta, dena primeran joan zen. Hirurok egin genuen. Minutu bat oreka mantenduz: 20-30 pausu. Espainiar Estatuan lehenak izan gara», azaldu du Txirritak.
Txefek, Ajillok eta Txirritak ametsa bete dute. Minutu batez oreka mantendu, 800 metroko garaieran 20-30 pausu eman... Yosemite bailarako izarra da.