ITSASOA
Surfa Puerto Ricon: Rip Curl PRO Search txapelketa
Rip Curl PRO Search txapelketa urtero leku batean egiten da. Aurten Puerto Rico hautatu dute, Karibe itsasoan.
Haritz LARRAÑAGA
Andy Ironsen zoritxarreko heriotzak ekarri du Puerto Rico albistegietara, han baitzen surflaria denge sukarrak jota etxerako bidea hartu behar izan zuenean. Rip Curl PRO Search Andy Ironsek gogoko zuen txapelketa zen, izan ere, bi bider berau irabazitakoa baitzen eta urtero beste leku bat ezagutzearen ideia gustukoa baitzuen.
Txapelketa honetan parte hartu duen surflari askok mundua puntarik punta zeharkatua du makina bat aldiz, baina bat baino gehiago dira bertan lehen aldiz izan direla onartu duten WCT zirkuituko surflariak. Puerto Ricon surfa aspalditik egiten da, ordea.
Lehenik lekua zein ingurunetan dagoen hartu behar da kontuan. Puerto Rico Karibe itsasoko irla bat da, Atlantikoaren mutur batean; beraz, Amerika kontinente handiaren ekialdean dago.
Edozein kontinente hartuz gero, horren mendebaldea izaten da itsaski handiak sartzeko eremurik hoberena, munduak eskuin aldera (ipar hemisferioko ikuspegitik) bira ematen duen modu berean, norabide berean jotzen baitute itsaski handiek ere. Hala ere, kontinente baten ekialdean ere izaten dira olatuak, maiztasun urriagoarekin eta altuera txikiagoarekin bada ere.
Leku jakin bat lurralde baten ekialdean kokatu arren, aurrean itsaso zabala badu, itsaskiak irits daitezke hara, urrun sortutako haizeek olatuak eratzeko adinako distantzia dutelako lurrera bidean, Hego Amerikako ekialdean edo Australiako ekialdean kasu.
Horixe gertatzen da munduko leku esanguratsu askotan. Australiako Gold Coast famatua, esaterako, lurraldearen ekialdean kokatzen da, baina oso famatuak dira bertako olatuak .
Itsaskiak oso urriak izaten dira bertan, baina izaten direnean, surferako baldintzak paregabeak izan daitezke. Afrika, Amerika edo Australia bera kontuan hartuta, mendebaldean olatuak askoz ere handiagoak direla eta maizago izaten direla ikus dezakegu. Karibe itsasoan kolore zoragarria duten kostaldeak eta ur gardenak aurki ditzakegu. Eguraldi eguzkitsua ohikoa da eta itsasoko uraren tenperatura goxoa da. Itsaskiak ez dira ugariak, baina hondo egokiak dauden lekuetan olatu onak har daitezke. Puerto Rico edo Barbados irla dira horren adibide garbia.
Bertako biztanleek boriken esaten zioten irlari, «gure jaun gorenaren lurraldea» zen haientzat. Kristobal Kolonek bere botak lurralde haietan iltzatu zituenean, ordea, lekuek beste izen batzuk hartu zituzten.
Espainiarrek San Juan Bautista izenarekin bataiatu zuten irla, eta hiriburuari Puerto Rico deitzen zioten. Denborarekin, ordea, bi lekuen izenak elkar trukatu dira, eta egun, San Juan da Puerto Ricoko hiriburua. Puerto Rico espainiarren menpean egon zen. 1898. urtean espainiarrek iparramerikarren aurkako gerla galdu zuten, eta, orduz geroztik, AEBen menpeko lurraldea da; horregatik hitz egiten dute irlan bai espainieraz bai ingelesez.
Lehen aipatu moduan, Puerto Rico ez da itsaski ugari izaten dituen irla, Kariben dauden gainerako irlek ere izaten ez dituzten moduan. Beste kontu bat da urte sasoiaren arabera izan ohi dituzten fenomeno meteorologiko bortitzek sor ditzaketen ondorioak, haizete bortitzak edo olatu handiak kasu. Urte sasoi bakoitzak dituen ezaugarriak ondo zehaztuta daude, urtero errepikatzen baitira eta surf egiteko urte sasoi onena zein den ere jakina da. Itsaski eta olatu onenak urria eta otsaila bitartean izaten dira.
Puerto Ricok agian ez dauka izen handirik surf munduan, baina aspalditik egiten da surf bertan. 1968an han egin zuten Munduko Surf Txapelketa, eta, ordutik, surflari ugari ibili izan da irlako olatuekin gozatzen. Hawaii eta Kaliforniaren ostean, estatubatuarrek surf egiteko leku hoberenetakotzat jotzen dute. Inguruneak Hawaiiren antz handia duela diote batzuek; ur gardenak, landaretza tropikala eta olatu ederrak. Azken urteetan sona handia izan du irlak munduko surflarien artean, eta, zoritxarrez, lokalismoak indarra hartu du. Horretan ere Hawaiiren antza hartu du, dirudienez.
AEBen menpeko lurraldea izateko, Puerto Rico nahiko leku merkea dela esan daiteke. Urte askoan isilean izan dute iparramerikarrek leku honen potentziala: ingurune tropikala, olatu onak, eta, gainera, opor bidaia moduan ekonomikoki nahiko errentagarria. Baina egungo komunikazio sareek eta egin berri duten Munduko Surf Txapelketak, batzuen «sekretua» zapuztu dute. Aurrerantzean Karibe itsasoa surf egiteko beste eremu bat gehiago izango da.
Puerto Ricon egin berri duten Munduko Surf Txapelketa ASP zirkuituaren barruan dago. Zirkuitu hau osatzen duten hamar probetatik urtero lekuz aldatzen den bakarra da. Lehenengo Rip Curl PRO Search txapelketa Reunion irlan izan zen, 2005. urtean, eta Mick Fanning australiarrak irabazi zuen. 2006an Mexikon egin zuten txapelketa, Huatulcon, eta, 2007an, Txilen, Aricako olatu arriskutsuetan. Bi txapelketa horiek Andy Ironsek irabazi zituen. Jarraian, 2008an, bere anaia Brucek eraman zuen txapela, Indonesian. Iaz berriz, Mick Fanningek bigarrengoz jantzi zuen lehiaketa berezi honetako txapela, Portugalen, Supertuboseko olatuetan garaile aterata.
Aurtengoan Kelly Slater zen faboritoa. Izan ere, eta gezurra badirudi ere, munduko surflari onena Puerto Ricotik nahiko gertu dagoen eta olatu oso eskasak dituen leku batekoa da: Florida.
Euskal Herrian Kanariar uharteetara joateko dugun erraztasun berarekin joan ohi dira Floridako surflariak Karibe itsasoko irletara. Kellyk berak aitortu zuen Floridako eta Barbados irlako lagunak Puerto Ricora joanak zirela berari sostengua eta animoak ematera, eta, horregatik, etxean bezala zegoela. Lagunen babesak merezi izan du, 2010eko WCT zirkuitua amaitzeko proba bakarraren faltan (Hawaiikoa), munduko txapelduna izateko behar adina puntu bildu baititu jada eta hamargarren aldiz irabazi baitu WCT zirkuituko txapela.
Kritikak ere izan dira, ordea. Kellyk txapelketa batzuetan gehiegizko puntuazioa jaso duela diote zenbait aldizkaritako foroek. Portugalgo probak piztu zuen lehendik ere hitzetik hortzera bazebilen hika-mika, izan ere, finalera iristeko txandatan gehiegizko puntuazioa jaso zuela zioten zenbaitek, eta, finalean berriz, asko izan ziren txapela Jordy Smithek merezi zuela esan zutenak. Edonola ere, aurtengoan behintzat, gainontzeko lehiakideek bigarren postuagatik borrokatu beharko dute.
Edozein kontinente hartuz gero, haren mendebaldea izaten da itsaski handiak sartzeko eremurik hoberena. Hala ere, kontinente baten ekialdean ere izaten dira olatuak, maiztasun urriagoarekin eta altuera txikiagoarekin bada ere.
Urte sasoi bakoitzak dituen ezaugarriak ondo zehaztuta daude, urtero errepikatzen baitira, eta surf egiteko urte sasoi onena zein den ere jakina da. Itsaski eta olatu onenak urria eta otsaila bitartean izaten dira.
Urte askoan isilean izan dute iparramerikarrek Puerto Ricoren potentziala: ingurune tropikala, olatu onak, eta, gainera, opor bidaia moduan ekonomikoki nahiko errentagarria.
Aurten Kelly Slater zen faboritoa. Izan ere, eta gezurra badirudi ere, munduko surflari onena Puerto Ricotik nahiko gertu dagoen eta oso olatu eskasak dituen leku batekoa da: Floridakoa.