GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Stephanie Gilmore, 2010eko txapelduna

p052_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA Surf irakaslea

Stephanie Gilmore australiarra da aurtengo nesken WCT zirkuituko txapelduna. 22 urte besterik ez ditu eta munduko laugarren txapela du hau. Neskato honek orain artean egin duen ibilbidea sekulakoa da. 2005. urtean wild card bat jaso zuen, eta Roxy PRO Gold Coast, WCTko lehen proban, parte hartzeko aukera izan zuen. Txapelketa hura irabazi egin zuen. Hurrengo urtean, 2006an, beste wild card bati esker Australian egin zen WCTko beste txapelketa batean parte hartu ahal izan zuen Manly Beachen, eta hori ere irabazi egin zuen. Ordutik, jarraian irabazi ditu 2007, 2008, 2009 eta 2010eko zirkuituak.

Aurtengoan, gainera, zirkuitua amaitu aurretik lortu du txapela, izan ere, Puerto Ricon irabazi berri duen txapelketan lortu dituen puntuekin gainerako lehiakideekiko alde handia hartu du, eta, edozein kasutan ere, bigarren postuan dagoenak, Sally Fitzgibbons 19 urteko lehiakide australiarrak, hurrengo txapelketa irabaziz gero ere, lortutako puntuak ez lirateke Stephanie gainditzeko nahikoak izango.

Txapelketa bat irabazteak 1.200 puntu ematen ditu. Stephaniek 6.528 puntu batu ditu orain arteko zazpi probatan. Sallyk 4.980 puntu lortu ditu jada; beraz, Hawaiin egingo duten azken txapelketan Stephaniek parte hartuko ez balu ere, Sallyk ez lituzke zirkuitua irabazteko behar adina puntu lortuko, proba irabazi duela suposatuta ere.

Mutilen kasuan zirkuitua hamar txapelketakoa da, eta, nesken kasuan, berriz, zortzi dira zirkuitua osatzen duten lehiaketak. WCTko parte-hartzaileak hamazazpi baino ez dira; beraz, lehia handia izaten da. Deigarria da nesken kasuan parte-hartzaileen adina, batez beste 19 urtekoa baita, eta, mutilenean, berriz, 30 urtekoa.

Nesken kasuan zirkuituko parte-hartzaileek aldaketa gehiago jasaten dituzte, parte-hartzaile kopurua murritzagoa baita. Lee Ann Curren Biarritzeko surflariak, esaterako, oso zail dauka hurrengo urtean WCT zirkuituan jarraitzea. Aurtengo bosgarren proban ezin izan zuen parte hartu zauri baten ondorioz, eta horrek kalte handia egin dio. Puerto Ricoko proba amaituta 29. postuan dago Curren, eta, horrenbestez, oso zaila du datorren urtean WCT mailan jarraitzeko behar adina puntu jasotzea.

Esan bezala, oraindik azken proba falta da, Hawaiikoa, baina lehiakideak ez dira lehen postuaren lehian borrokatuko, bigarren postuagatik baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo