GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Himalaya Istripua

Joe Puryear handiak Tibeten eman du bere azken hatsa

Alpinista estatubatuarra Labuche Kang (7.367 m) mendian zendu da erlaitz bat gainean erorita. Himalayako espedizioetan ohi zuen bezala, David Gottlieb lagunarekin batera eskalatzen ari zen; hain zuzen ere, igo gabeko hego horma saiatzen ari ziren.

p048_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

«Urriaren 27an, David eta Joek Labuche Kang (7.367 m) mendiko eskalada hasi zuten. Eguraldi zoragarria zuten. Ertz zorrotz batetik azkar igotzen ari ziren, eta Joe aurretik jarri zen bidea nondik zihoan aztertzeko. Davidi adierazi zion dena ondo zihoala, baina, bat-batean, desagertu egin zen. Badirudi erlaitz batek eraman zuela», adierazi du Joe Puryear beraren emazteak.

Puryear David Gottlieb lagunarekin batera Tibeteko zazpimilakoaren igo gabeko hego pareta eskalatzen ari zen. Sokada estatubatuarra, beste behin ere, Himalayako mendi ezezagun bateko igo gabeko horma bat eskalatzen ari zen. Horixe zen Puryear zein bere kidearen filosofia: esplorazioa. Eta, jakina, estilo alpinoa ardatz zutela.

Goi mailako alpinista

Orrialde hauetako laguna genuen zendu berri den alpinista. Nahiz eta kalitate handiko ibilbide luzea izan, 37 urteko estatubatuarrarekin azken urteotan hartu-eman estua izan dugu. Batez ere, Nepalgo hiru seimilako hauetan eginiko lehen igoerei esker: Kang Nachugo (6.735 m), Jobo Rinjang (6.778 m) eta Takargo (6.771 m).

Hiru seimilako horietan izaniko eskarmentuaren berri eman zigun Puryear berak, baina, Himalayako mendi ezezagunetan eginikoaz gain, zailtasun handiko jarduera teknikoetan oso sinadura ederrak utzi zituen.

Lasai asko esan dezakegu Alaska izan zuela bere benetako «etxea». Denali, Foraker, Hunter... makina bat aldiz igo zituen. Mendilerro hartan izaniko eskarmentuari esker sona handiko gida bat argitaratu zuen: «Alaska climbing».

Yosemite, Alpeak, Patagonia, Kanada, Afrika... izan zituen ere «jolas» eremuak. Etxean eta kanpoan; ondo baino hobeto zekien bi eremu horiek tartekatzen. Baina adierazi dugun legez, bere azken espedizioan zendu da. Berriro ere esploratzen, Labuche Kang izeneko mazizoan, bertako mendirik garaienean. Berriro ere igo gabeko pareta batean. Eta berriro ere Gottlieb kidea alboan zuela.

Agur esan digu, beraz, Ameriketako Estatu Batuetako alpinista indartsuenetarikoak. Agur esan digu orrialdeotako lagunak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo