Ondarrutarrak, gestorak urbanizatu nahi duen hezegunearen defentsan
500 etxebizitza eraikitzeko proiektua geldirik dago auzitegietan, baina Alleriko hezeguneak pasealeku baten mehatxua du aurrez aurre. Gestoraren planak ikusita, herri ekimenak argi du erakundeen ardura izan beharko balu ere, eremuaren babesa bere esku dagoela.
Nerea GOTI
Batzuen begietara, Alleriko ingurua berdegune bat baino ez da izango agian, paraje ezin politagoa urbanizazio eder bat eraikitzeko, eta, bide batez, hirigunearekin lotuta izanik, aisialdirako aukerak ematen dituen eremua lortu, bidegorri eta guzti. Ingurunea hezegune bat dela da kontua, eta ez, gainera, edonolakoa; izan ere, izan dezakeen babes maila altuena du, hau da, Urkiolak, Gorbeiak edota Urdaibaiko biosfera erreserbak duten pareko babes maila du.
Adituek esandakoari erreparatuta, ingurunea landa eta animalia espezie ugariren gordelekua da, bisoiarena kasu. Talde ekologista ugarik nabarmendu bezala, hegaztien migrazio bidean geldiune ere bada, eta, zoritxarrez, horrelakoak ez daude soberan Euskal Herriko kostaldean. Alleri bezalako beste hamar hezegune daude EAEn, eta, horiek, ugaldu beharrean, urritzen doaz, hezeguneak babestearen aldekoek nabarmentzen dutenez. Bestalde, unibertsitateko ikerlariek ere argi utzi dute Alleri bezalako inguruneen garrantzia. Euren esanetan, padurak aldaketa klimatikoari eta itsas mailaren igoerari aurre egiteko ezinbestekoak direlako babestu behar dira.
Ondarroan, aldiz, 480 etxebizitza eraiki nahi ditu udala kudeatzen duen gestorak ezaugarri horiek guztiak dituen inguruan, eta, are deigarriagoa dena, ingurua urbanizatzearekin batera, zonaldearen berreskuratze naturala ere planteatzen du. Izan ere, gestorak nabarmentzen duenez, etxebizitzek lur eremuaren %12 inguru baino ez lukete beteko, eta, errepideek, ekipamenduek eta zerbitzuek, %6. Gainera, eraiki nahi dituzten etxeetako asko babes ofizialekoak direla nabarmendu dute.
Ondarroako hezegunea babestea xede duenez, Alleri Zaindu! herri ekimena bertan ematen diren mugimenduei adi-adi dago. Baina, dioenez, «zaila» eta «lotsagarria» ere bada herritarrek zaindu behar izatea Administrazioak berak babestu beharko lukeena.
Herri mugimenduak aurkeztutako alegazioen ondorioz, etxebizitzen proiektua geldirik dago, momentuz, EAEko Auzitegi Gorenaren agindua jarraituz. Udal gestoraren proiektua zaharkituta dauden arau subsidiarioetan -1993koak- oinarrituta dagoela ohartarazi zuten alegazioetan, baita, besteak beste, 500 etxe berri egiteak inolako justifikaziorik ez duela. Justifikazio ezaren harira, esaterako, Ondarroan 500 etxe inguru hutsik daudela nabarmendu du hezegunearen biziraupenaren aldeko mugimenduak. Erakundeen jarrera ere salatu du: «Indarrean dauden arauak zaharkituta daude hezeguneak babesteko legediari egokituta ez daudelako». Honakoa ere gaineratu du herri ekimenak: «Garapen urbanistiko eta negozio-pelotazo horren aukera galdu aurretik, proiektua arauak egokitu baino lehen abian jartzen saiatu dira. Hori da herrian egiten den irakurketa». Horrekin lotuta, Lakuako Gobernuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak gestora arauak berritzera derrigortzeko betebeharra dutela baina ez dutela egin salatu du.
Proiektua geldirik dago, baina ez lanak. Pasa den irailean, Zaldupetik Allerira doan bidean lanean hasi ziren; berriro ere herri ekimenaren esku hartzeak gelditu zituen lanak. Hiru asteko geldialdiaren ostean, «gestorak bereari eutsi» eta bide berriaren urbanizazioa martxan jarri du.
Plataformak kirolgunearen inguruan jada urbanizatuta den zatian lan egitea planteatu du. «Eskolarainoko bidegorria inolako arazorik gabe egiteko aukera ematen duten 300 metro inguru daude. Hortik aurrera daude arazoak», argitu du. Gainera, etxebizitzen proiektua airean dago, eta, auzitegiek bertan behera uzten badute, «pasealekuak zentzu guztia galduko du». Honakoa ere gaineratu du: «Gure ustez pasealekua Alleriri falta zaizkion hornidurak ziurtatzeko aitzakia da».
Horiek horrela, herri plataformako kideek argi dute bide berria etxebizitza berrien onurarako izango dela, ez paduraren onerako. Susmo bat ere badute: «Gaizki hasitako kontua gaizki bukatuko da».
La amenaza que supone el proyecto de área residencial de Alleri sigue en pie y, aunque se trate ahora de un paseo, desde la plataforma Alleri Zaindu! resaltan que la construcción de una vía peatonal con farolas y bancos ya supone una presión sobre una zona catalogada con la más alta protección ambiental.
Según subrayan, la única alternativa que garantizaría el futuro de las marismas de Alleri pasa por una recuperación de la zona a partir de las indicaciones de los científicos y un uso acorde a la fragilidad ambiental de la misma. Pero hasta la fecha, los planes de la Administración, lejos de la protección del medio, contemplan «un desarrollo basado en la construcción que se presenta como sostenible», critican. El otro gran problema para la iniciativa popular es que ni siquiera hay oportunidad de abrir un debate. N.G.